Hileko azken ostiralarekin batera, Sakanako hainbat herritan euskal presoen Euskal Herriratzea eskatzeko kontzentrazioak egiten dira. Indarrean den alarma egoeragatik, gaurkoan halakorik egitea ezinezkoa izanen da. Hala ere, Sarek presoekiko “bisita eta komunikazioen etendura mantentzen den heinean, elkartasunari eta aldarriei lekua” egin nahi die. Horregatik, “Etxetik Etxera” lelopean egitaraua prestatu du gaurko.
Etxeraten eta Sareren mezuak, musikariak, bertsolariak eta bestek parte hartuko duten ordu erdiko saio bat emanen dute gaur 19:00retan. Bi erakundeen Facebook-eko profilen bidez saioa zuzenean ikusteko aukera izanen da. Hura despeditu ondoren, 19:30ean, Saretik dei egin dute norberak argazki edo bideo aldarrikatzailea egiteko eta sare sozialetara igotzeko. Hori egiterakoan #EtxeanNahiDitugu eta #NiEtxeanGeratukoNaiz traolak erabiltzeko eskatu du Sarek.