Burgesiaren ofentsiba gelditu!

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Torrente (Gazte Koordinadora Sozialista) 2020ko mar. 27a, 08:22

Osasunaren babesa eta ardura bolo-bolo dabiltza egunotan gure arteko elkarrizketa digitaletan, hedabideetan eta saltokietako ilaretan. Bi kontzeptu horiek zuzenean omen garamatzate koronabirusaren hedapenaren testuinguruan hartutako neurriak era akritikoan onartzera. 

Ikuspegi hori zalantzan jartzeko idatzi ditut lerrook. Mundu mailan osasun krisiari erantzuna kudeatu duten enpresari eta agintariek gizarte kapitalistaren logika ankerra agerian utzi dute: helburua aberastasuna metatzen jarraitzea da, gainerako faktoreak (milioika pertsonen lan-indarra, ekosistemen egoera...) logika horren baitan kudeatuz. Ez da bestelakoa izan osasun-krisiaren kudeaketaren kasuan: arazoaren dimentsioak izugarri handiak izan arte ez dute neurririk hartu eta hartutako neurriak ekoizpena bermatzera mugatzen dira. 

Horren aurrean, arduraz jokatzea eta osasuna gainjartzea (1) gizarte eredu honen onuradun guztiekiko independentziaz antolatzea (2) inplikatzen du, osasun-egoera larri honen aurrean mediku eta adituen irizpideen gainetik ezarri baitira interes ekonomikoak, horrela langile asko baldintza arriskutsuetan jarduten egotea ekarriz. 

Horrek ez du esan nahi, ordea, aholkuei muzin egitea, baizik eta benetan osasun irizpideei jarraitzea eta neurri politikoak salatzea, haren benetako izaera agerian utziz. Horrek esan nahi du, halaber, informazio gaindosiz mozorroturiko desinformazioaren aurrean egia exijitzea (3). 

Alde batetik, nola eta zergatik hedatu den birusa plazaratzea, kapitalismoaren eta bloke politikoen funtzionamendua ezagututa zaila baita birusaren hedapena naturala izan denik pentsatzea. Bestalde, bere hedapenaren irismena zein izango den jakinaraztea, hau da, osasun arazoak sortuko dituen benetako kalteen aurreikuspenaren azalpen erreala ematea. Azkenik, gaurko eta biharko neurriak zertarako hartzen diren azaleratzea, neurri ekonomiko, politiko eta sozialak noraino iritsiko diren eta horien bitartez zein agertoki azalduko diren ezagutzeko. 

Honen aurrean beharrezkoa da babesgabeen defentsa antolatzea, baina ez ordena sozialaren oreka mantentzeko, baizik eta hari aurre egiteko geure buruak indartzeko. 

Bukatzeko, aurrekoa posible egiteko askatasun politikoak exijitzea (4) ezinbestekoa da, horrela benetan osasuna gainjartzeko, bestela basakeria honen aurrean babesgabe baikaude. 
Egoera honen aurrean, lau puntu horiek mahai-gaineratzen dituen salaketa kanpaina politikoa martxan jarri du Gazte Koordinadora Sozialistak, talde eta kolektiboei batzera dei eginez. Dei hori luzatu nahiko nuke nik ere.