Balkoietatik eta leihoetatik agurtzera ohitu dira herritarrak. “Zer moduz?” “Bueno, hemen. Egun bat gutxiago”. Egun bat gutxiago, eta, aldi berean, konfinamenduaren egutegian ezabatzen den beste egun bat gehiago. Eta dagoeneko dira… 15; martxoaren 16an hasi zen ofizialki koronabirusak sortutako osasun krisiari aurre egiteko itxialdia edo konfinamendua. Hasieran hamabost egun izan behar ziren kalera atera gabe. Atzoko eguna gorriz markatuta egongo zen etxe askotan. Aurreko larunbatean alarma egoera eta, beraz, konfinamendua, beste hamabost egunez luzatuko zela esan zuen Espainiako Gobernuak. Aste Santuko oporrak inoiz ahaztuko diren horietakoak izango dira, apirilaren 11n amaituko baita oraingoz itxialdia.
Kaleak hutsik daude. Gehien bat arratsaldetan. Goizetan lehentasunezko edo oinarrizko produktuak erostera ateratzen da jendea, betiere segurtasun neurriak eta distantziak mantenduz. Krisiaren erdian lanera joan behar dutenak ere badira. Hala ere, giroa desberdina dela nabaritzen da. Arratsaldetan isiltasuna nagusitzen da, eta orain arte oharkabean pasatu diren soinuak eta zaratak entzuten dira. Txoriek gehiago txiokatzen dutela dirudi.
Egunero 20:00etan kalearen bakea eta isiltasuna apurtzen da. Itxialdia hasi zenetik sendagileei, medikuei, erizainei eta osasun arloko langileei omenaldiak egiten zaie balkoietatik eta leihoetatik txalo zaparraden bidez. Osasun-langileen omenaldia, egunotan krisia aurrera eramateko beste hainbat arlotako langileenganako eskertza bihurtu da ere. Larunbatean, gainera, Altsasuko Iortia zabalgunean DYA, Guardia Zibila eta Foruzaingoa herritarrek egiten duten omenaldi xumera gehitu ziren, sare sozialetan oso kritikatua izan den ekintza.
Balkoiak munduarekin komunikazio kanala bihurtu dira, eta orain arte erdi ahaztuta egon badira ere, konfinamenduan etxeetako toki garrantzitsuenetarikoa bihurtu dira. Zorionekoak dira koronabirusaren egun hauetan balkoiak dituztenak. Itxialdiaren errutinarekin apurtzeko momentua da 20:00etako hitzordua, nahiz eta ekimena bera ere errutina edo ohitura bihurtu den. Egunean zehar Internet bidezko hamaika emanaldi, saio, ikastaro eta abar jarraitzeko aukera izan da, eta iluntzean hamabost minutu badira ere arnasa hartzeko aukera dago. Eta sozializatzeko. Edo horrelako zerbait. Komunitatea egiteko aukera badago.
Omenalditik emanaldira
Ateak itxi dira, eta balkoiak ireki. Txaloen artean doinuak entzuten hasi ziren, lotsatiak hasieran, baina eguneekin ere ohitura bihurtu direnak. Doinu batzuk bafleetatik datoz eta 20:00ak baino lehen hasten dira, beste batzuk leihoak irekietatik pasatzen dira ia oharkabean, eta badira musika tresnak alde batera utzi ezin dituztenak ere. Kaleek bizitza berreskuratzen dute. Kaleak baino, balkoiak dira bizitzak jarraitzen duelaren erakusle.
Akordeoia, txistua, gitarra, klarinetea edo tronpeta. Musikarien emanaldi xumeak “bat-batekotasunaren” kontua izan ohi dira. Iñaki Bizkai Lakuntzan bizi den akordeoilariak, esaterako, aurreko astean sare sozialetatik egiten diren challenge edo erronka bat proposatu zuen. Polka ezaguna audioz grabatu zuen, eta doinua jarraitzera gonbidatu zituen lakuntzarrak. Ondoren, sare sozialetatik koreografia bidaltzeko eskatu zien.
“Ez dut asko pentsatu. Ideia sortu zitzaidan eta egitea pentsatu nuen”. Martxoaren 21ean ere, 19:00etan, emanaldi berezia proposatu zuen: balkoira atera zen eta Altsasuko auziagatik zigortutako gazteak presente izan zituen. Akordeoiarekin abesti batzuk eskaini ondoren, Altsasukoen aldeko brindisa egin zuten.
“Egia esan, Aupa Etxebeste pelikulan bezala da. Etxean nago baina oporretan egongo banintz bezala”. Juanjo Mintegi etxarriarra egun hauetan etxeko balkoira eguzkia hartzera atera ohi da. Gainera, itxialdia hasi zenetik, 18:30ak inguru, “soinua hartu eta txokoan jo beharrean balkoira atera nintzen”. Egunero emanaldia egiten du. Euskal kanta zaharrak eta dantzak jotzen ditu. “Jo nuen lehenengo egunean lehenengo abestiaren ondoren isilune txiki bat egin nuen eta bigarrenarekin hasi nintzen. Pareko etxeetako leihoak irekitzen hasi ziren, gero ondokoak…”.
Egunero sei bat abesti jotzen ditu, eta denak berriak izaten saiatzen den arren, aste honetan kantak errepikatzen hasi beharko zela esan du. Publikoa oso “exigentea” ez dela esan du. Baina gustura entzuten dute emanaldia. “Auzokideek esan didate agian ez direla ateratzen hotza egiten duelako, baina etxetik gustura entzuten nautela”. Abestera ere ez dira ausartzen, “agian nik kantatuko banu, besteak ere hasiko lirateke”. Zaletasuna auzikideen itxialdia alaitzeko erabili du etxarriarrak.
Altsasuko auzoz auzo erradiografia desberdina da. Esaterako, Intxaurrondo kaleko inguruetan arratsaldero aire librean sortutako diskoteka egiten dute balkoietatik. Auzokide batek bafleak balkoian jartzen ditu, eta estilo guztietako musika jartzen du. Aurrera Altsasu abestia ere jarri zuen, aurreko ostiralean 20:00etan, asteroko kontzentrazioa egingo zen unean.
Aurrera Altsasu eta Altsasuko auziagatik zigortutako gazteen aldeko ekimenak ohikoak dira ere herriko beste hainbat auzotan. Larunbatean bat-bateko kontzertua eskaini zuen San Juan kaleko gitarrista batek, eta doinuak jarraituz auzokideek, guztiak batera, Aurrera Altsasu abestu zuten. Egunero klarinete jole batek emanalditxoak eskaintzen ditu ere, osasun langileen aldeko txaloen ondoren. Intxostia zeharkalean egunero ekimen desberdin bat dute: aerobick, karaoke… egitaraua prestatzen dute astero. Bestetik, Aritz Jauregi Iriarte ere akordeoia hartu eta balkoira ateratzen da ia egunero Amandrearen inguruetan. Aurrera Altsasu errepertorioaren abestietako bat izan ohi da. Txistu emanaldiak ere entzuten dira nonahi. Helburua itxiladia arintzea da.
Itxialdian ere elkartasuna
Asteazkenean, 18:00etan, Altsasuko gazteen aldeko ekimena bultzatu zuten sare sozialen bidez. Ideia balkoietara eta leihoetara ateratzea zen, eta Aurera Altsasu eta Altsasukoak askatu abestiak kantatzea.