Koronabirusa Sakanan

COVID-19ko 26 positibo

Guaixe 2020ko mar. 26a, 20:45

Irurtzundarrak osasun-etxeko estalopean. Artxiboa.

Osasunbideak Nafarroan 1.411 koronabirus kasu zenbatu ditu, herrialdeko populazioaren % 0,21. Sakanako positiboak Nafarroakoen %1,84 dira; Sakandarrek Nafarroako populazioaren % 3,09 hartzen dugu.

COVID-19 gaitza hasi zenetik, Nafarroako Gobernuak estreinakoz gaur eman ditu herrialdeko datu xehatuak. Oinarrizko Osasun Eskualdeen araberako datuak dira foru administrazioak gaur zabaldu dituenak. Sakanan hiru ditugu Irurtzungoa, Etxarri Aranazkoa eta Altsasukoa. Baina kontuan hartu behar da Irurtzungo Osasun Eskualdeak Sakanaz aparte Araitz, Betelu, Imotz, Itzako herri batzuk, Larraun eta Lekunberri hartzen dituela. Hiru eskualdeetan 26 koronabirus kasu baieztatu zenbatu ditu Osasunbideak, Sakanako populazioaren % 0,12.  
 
Nafarroa 54 Oinarrizko Osasun Eskualdeetan banatuta dago. Haietan COVID-19 gaitzak duen eragina jakiteko Osasunbideak mila biztanleko kasu-tasari erreparatzen dio. Datu hori kontuan izanik eragin handien izan duen eskualdea Artaxoakoa da mila biztanleko 6,31 kasu baieztaturekin. Tafallan 5,38 daude, Cintruenigon  4,9 eta Burlatan 3,79. Horietatik urruti daude Sakanako kasuak: Irurtzungoan 1,66, Etxarri Aranazkoan 1,84 eta Altsasukoan 0,63. Hirurak kontuan hartuta 1,37 kasu-mila biztanleko. Osasunbideak zehaztu duenez, Nafarroako Osasun Zerbitzuen datuak direla horiek, “osasun-zentro pribatuetakoen faltan”. Datuak atzo 20:00etakoak dira.

848 420 090, arreta psikologikoko telefonoa
Osasun Departamentuak, Nafarroako Psikologiaren Elkargo Ofizialarekin (NPEO) lankidetzan, arreta psikologikoa eskaintzeko telefono bat jarri du martxan aste honetan. Astelehenetik igandera eta 08:00etatik 20:00etara, 21 profesionaleko lantalde batek arreta ematen die, 848 420 090 telefono zenbakian, osasun-krisiak eta alarma-egoerak eragindako estresaren eta antsietatearen ondorioz laguntza psikologikoa behar duten pertsonei.

Bakardadearen, etxeko barruko konfinamenduaren, senideen osasunaren edo egoera honek eragindako beste zerbaiten ondorioz beldurra, antsietatea eta ziurgabetasuna dutenek bertara jo dezakete gatazka horiek ahalik eta hoberen kudeatzeko tresna bila, baita alarmismorik gabeko egiazko informazioa eskuratzeko ere.

Arreta psikologikoko zerbitzu horretan arreta emateko, NPEOk aktibatu egin du Larrialdi eta Hondamendietan Esku-hartze Psikologikoa egiteko Lantaldea. Krisi-egoeretan, larrialdi masiboetan eta hondamendietan aritzeko prestakuntza duten hainbat psikologok dihardute talde horretan.
Nafarroako Gobernuak eta profesionalen elkargoak uste dute garrantzitsua dela herritarren osasun mentala zaintzea gaur egun dugun muturreko egoeran, eta horretarako eskaini dute babes-sare hori.

Psikologiako profesionalen lantalde horren arretak honako helburuak ditu:

  • Arreta psikologikoa krisi-egoeretan.
  • Antsietateta gutxitzea.
  • Erreakzio psikologiko normalak zeintzuk diren azaltzea.
  • Jarduteko oinarrizko jarraibideak ematea.
  • Gomendioen eta hartutako neurrien berri ematea, baita haiek betetzeko beharra azaltzea ere.
  • Emozioak azaleratzeko bidea erraztea.
  • Psikologikoki eta fisikoki ondoeza eragiten ari diren sintomak gutxitzen laguntzea.
  • Okerreko usteak aldaraztea.
  • Beldurra orekatzeko egiazko informazioa ematea.
  • Norberaren indar-guneak sendotzea.
  • Nork bere buruari laguntzeko, ekimena berreskuratzeko eta auto-estimua handitzeko mekanismoak sustatzea.
  • Dolu-egoeran daudenei arreta eta laguntza psikologikoa ematea.
  • Laguntza-baliabide espezifikoei buruzko informazioa eta orientazioa ematea.