Koronabirusak eragindako krisiak gizarte osoaren bizimodua aldatu du, eta etxean itxita egotera derrigortuta gaude denok. Egunaren 24 orduak nola bete ezin asmatu gauden honetan, bakardadeari aurre egiteko, irratia aukeratu dute askok. Horregatik, konpainia egitearena irratiaren berezko ezaugarria dela aldarrikatzeko bat egin dute Euskal Herriko hainbat irratik. Ikerketek diote komunikabideen artean, sinisgarritasun handienetakoa irratia bera dela. Baina irratiak informaziotik bezainbeste du entretenimendutik. Irratia sortu zenetik izan du helburutzat konpainia egitearena. Eta hori, urtean zehar bistakoa bada ere, nabarmenago geratu da eguna etxean sartuta eman behar dugun egoera honetan.
Irratiaren izaera hori aldarrikatzeko, eta isolamenduari aurre egiteko bide bakarra elkartasunarena dela gogorarazteko, 17 irratik bat eginen dute gaur. Euskadi Irratiak, Gazteak, Bizkaia Irratiak, Bilbo Hiria Irratiak, Euskalerria Irratiak, Gure Irratiak, Irulegiko Irratiak, Antxeta Irratiak, Xiberoko Botzak, Amikuze Irratiak, Antxeta 2 irratiak, Arrasate Irratiak, Xorroxin Irratiak, Beleixe Irratiak, Esan Erran irratiak, Karrape Irratiak eta Aralar Irratiak bat eginen dute une batez. Eguerdiko 11:00etan, irrati horietan guztietan abesti bera entzun ahal izanen da une berean. Ken Zazpi taldearen kantu bat aukeratu dute, “Hel nazazu eskutik” izenekoa. Irratia inoiz baino biziago dagoela aldarrikatzeko, eta entzuleak behar duen oro irrati bidez jasoko duela gogorarazteko, irrati hauek ere eskutik heldu, eta Korrikaren inguruan abiatutako auzolanarekin jarraitzeko prest daudela azaldu nahi dute ekimen berri honekin.