Nafarroako 32 ostatuk funtsezko zerbitzuak eskainiko dituzte Nafarroan, Covid-19tik eratorritako krisiak irauten duen bitartean. Hala ezarri du Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioaren martxoaren 23ko aginduak. Zerrenda horretan Sakanako bi ostatu ageri dira: Irurtzungo Plazaola hotela eta Altsasuko San Pedroko bidea turismo-etxebizitza. Ministeriotik azaldu dutenez, establezimendu horiek itxita egonen dira jendearendako, baina ostatua emanen diete honako lanak egin behar dituzten langileei: mantentze-lanak, osasun-laguntza, interes orokorreko obrak konpondu eta gauzatzea, nekazaritza- eta arrantza-produktuen hornidura, salgaien garraioa, telekomunikazio-sareen mantentzea eta konponketa, edo ministerio-aginduan funtsezkotzat jotzen den beste edozein jarduera. Nolanahi ere, ostatu horiek Osasun Ministerioak COVID-19 kutsatzea saihesteko adierazitako babes-neurri eta -jarraibideak bete beharko dituzte.
Altsasuko San Pedroko bidea turismo-etxebizitza.
Era berean, salbuespenezko zenbait kasu ezartzen dira. Hala, ostatu turistikoek adinekoak, adingabeak, mendekotasuna dutenak, desgaitasuna duten pertsonak, bereziki ahulak diren pertsonak edo osasun-arreta behar dutenak artatzeko joan behar dutenak hartu ahal izango dituzte. Baita ezinbesteko arrazoiengatik edo premia-egoeragatik urgentziazko bizitoki zehatz bat behar duten guztiei ere.