Osasunbideak jakinarazi duenez, osteguneko azken orduko datuen arabera, 1.641 koronabirus kasu zeuden Nafarroan. Haietatik 1.446 gaixo Osasunbidea artatzen ari da, 732 ospitalean. Nafarroako Osasun Zerbitzuak emandako datuen arabera herrialdeko populazioaren % 0,25 da gaixo dagoena. Osasunbideatik gaineratu duenez, izurritea hasi zenetik 58 hildako izan dira, horietatik 9 azken orduetan. Hildakoen adin-tartea 57 eta 92 urte bitartekoa da. Bien bitartean, 70 bat lagun osatu dira infekziotik, horietatik 35 azken egunean.
Sakanako hiru Oinarrizko Osasun Eskualdeetako datuei dagokionez (Irurtzungoa Beteluraino iristen da eta Imotz eta Itzako herri batzuk hartzen ditu ere), COVID-19 gaitza dutenen kopurua asteazkeneko 26etatik osteguneko 30era pasa dira. Lau kasu gehiago, % 15,38ko hazkundea. Irurtzungo Oinarrizko Osasun Eskualdean positibo bat gehiago zenbatu zuten, 12. Etxarri Aranazkoan hiru kasu gehiago daude, 13. Eta Altsasukoan bost kasu egoten segitzen dute. 30 kasu horiek Sakanako populazioaren % 0,15 dira.
COVID-19 gaitzak duen eragina jakiteko Osasunbideak mila biztanleko kasu-tasari erreparatzen dio. Irurtzungo Oinarrizko Osasun Eskualdearen kasuan 1,81koa da, Etxarri Aranazkoa 2,39 eta Altsasukoa 0,63koa. Nafarroa 54 osasun eskualdeetan banatuta dago eta eragin handiena Artaxoakoak du, 9,54 kasu mila biztanleko, Tafallan 6,73 daude eta Cintruenigon 5,63.