Osasunbideak jakinarazi duenez, ostegun iluntzetik ostiral gauera 188 COVID-19 kasu positibo gehiago izan dira eta Nafarroan, guztira, 1.829 kasu zenbatu dira osasun krisia hasi denetik. Hau da, Nafarroako populazioaren % 0,28 dira gaixoak. Haietatik 1.620 Osasunbideak artatu ditu (% 88,57). Krisia hasi denetik 827 ospitaleratze egin ditu Osasunbideak. Gaur egun ospitalean 624 pertsona daude ospitalean eta haietatik 84 Zaintza Unitate Intentsiboan. Nafarroako Osasun Zerbitzuak jakinarazi duenez, osasun-krisiak 70 hildako eragin ditu, azken egunean 12 izan dira.
Oinarrizko Osasun Eskualdeei dagokienez (zentro pribatuetako datuak falta dira), azken datuen arabera honakoa da egoera: Irurtzungoan (Irurtzundik Betelura arte, gehi Imotz eta Itzako herri batzuk hartzen ditu) COVID-19 gaitzaren 14 kasu daude, Etxarri Aranazkoan, berriz, 15 eta, azkenik, Altsasukoan 7. Guztira 36 kasu. Azken zenbaketatik eskualde bakoitzean bina kasu gehiago izan dira. Sakanako biztanleriaren % 0,18 dira gaixo daudenak.
Nafarroako Osasun Zerbitzuak gaitzaren eragina zein den jakiteko erabiltzen duen parametroa da mila biztanleko zenbat kasu dauden. Horri erreparatuta Irurtzungo Oinarrizko Osasun Eskualdean 2,12 gaixo daude mila biztanleko, Etxarri Aranazkoan 2,76 eta Altsasukoan 0,88. Sakanan 2,17koa da. Nafarroan kasu gehien dituzten Oinarrizko Osasun Eskualdeak dira: Artaxoa 11,44 kasu mila biztanleko, Tafalla 8,16 eta Cintruenigo 6.
Joera
Santos Indurain Osasun kontseilariak azaldu duenez, azken hiruzpalau egunetan COVID-19 gaixoen hazkundea gero eta txikiagoa dela. Ostegunetik ostiralera % 11,45 izan zen. Karmen Ezpeletak jakinarazi duenez, “duela lau egun % 20koa zen hazkundea eta % 18ra, % 16ra jaitsi da eta egungo % 11ra jaitsi da”. Kasu gehiago aztertzen ari direla eta gauzak ongi egiten ari direla gaztigatu du doktoreak.