Ostiraletik larunbatera COVID-19 gaitzaren kasuak % 10 hazi ziren Nafarroan. Astearteko hazkundea % 20koa izan zen. Atzo Nafarroan koronabirusak jotako 2.011 gaixo zeuden guztira, ostiralean baino 182 gehiago. 1.762 gaixo Nafarroako Osasun Zerbitzu-Osasunbidean artatzen ari dira. Nafarren % 0,31 dago COVID-19ak jota. Osasunbideak jakinarazi duenez, epidemia hasi zenetik guztira 84 pertsona hil dira, horietako 14 azken orduetan. Hildako pertsonen arteko adin-tartea 57 eta 97 urte artekoa da, eta batez besteko adina 81 urtekoa. Bestalde, guztira 125 pertsona osatu dira eta 27 azken egunean.
COVID-19aren .2011 kasu positibotatik, guztira 896 lagunek ospitaleratu behar izan dute, eta horietatik 654 ospitaleratuta daude une honetan. Nabarmendu behar da, epidemia hasi zenetik, 90 pertsona Zaintza Intentsiboko Unitatean sartu behar izan direla. Gaur egun, koronabirusa duten gaixoen % 57aren jarraipena etxean egiten ari da eta % 5arena etxeko ospitaleratzean.
Osasun-zentro pribatuetako datuen faltan, Sakanan COVID-19ak gaixotutako 38 pertsona zenbatu ziren atzo, herenegun baino bi gehiago. Ibarraren populazioaren % 0,19 da gaixo dagoena. Oinarrizko Osasun Eskualdeei dagokionez, Irurtzungoan (Betelura arte, gehi Imotz eta Itzako herri batzuk hartzen ditu) 15 kasu daude (bat gehiago), Etxarri Aranazkoan 16 kasu (bat gehiago) eta Altsasukoan zazpirekin segitzen dute.
Osasungintzako profesionalek gaitzaren eragina zein den zehazteko erabiltzen duten parametroa mila biztanleko zenbat kasu dauden zehaztea da. Adierazle horren arabera Irurtzungo Oinarrizko Osasun Eskualdean mila pertsonako 2,27 gaixo daude, Etxarri Aranazkoan 2,95 eta Altsasun 0,88. Hiru eskualdeak batuta 2,03 gaixo mila biztanleko ematen du. Foru erkidegoa 54 osasun eskualdeetan banatuta dago eta kasu gehien duena Artaxoakoa da: 12,38 gaixo mila biztanleko. Tafallak 8,52 kasu ditu eta Cintruenigokoak 6,36.
Materialaren eskaerak bide ofizialen bitartez
Osasun Departamentuak gogorarazi nahi du materialaren eskaera edo premia zehatzak, beharrezkoak izanez gero, kanal ofizialen bitartez zabalduko direla. Azken egunetan, informazio ugari hedatu da, beharbada asmo onarekin baina ez da egiazkoa izan, eta Nafarroako Osasun Sistema inplikatu dute; horrela, zenbait kasutan dei ugari jaso dira, sistemetan eta telefonoetan arazoak sortzearekin batera, eta horiek larrialdietarako eta beste zerbitzuetarako operatibo egon behar dute.
Ildo horretan, Osasun Departamentuak berriro ere eskerrak eman nahi ditu partikularrek zein enpresek Nafarroako Osasun Sistemari horretarako ezarritako bideetatik egindako donazioengatik.