Pentsio duinen aldarrikapena balkoi eta leihoetara

Guaixe 2020ko mar. 30a, 10:07
Pentsio duinen aldeko aldarrikapenean zapi aldarrikatzailea jantzita.

Itxialdian ere aldarrikapena bizirik mantendu nahi dute eta astelehen eguerditan mugimenduaren zapiak zintzilikatzera deitu dute.

Pentsio duin eta publikoak, 1.080 euroko gutxieneko pentsioak, 1.200 euroko gutxieneko soldata. Horiexek dira pentsio duinen aldeko mugimenduak azken bi urteetan gizarteratu dituen aldarrikapenetako batzuk. Horretarako, astelehenero kontzentrazioak deitu ditu. Baina COVID-19 gaitzak ekarri duen alarma egoerak etxeko konfinamendua eragin du eta martxoaren 16az geroztik ez dago kontzentrazioak egiterik. Pentsio duinen aldeko mugimendua, ordea, ez da geldi egotekoa. Eta izaera horri eutsiz, aldarrikapena balkoi eta leihoetara eramatea proposatu du. Astelehenero, 12:00etan, mugimenduaren zapia zintzilikatzeko eskatu du Sakanako Jubilatuen eta Pentsiodunen Koordinakundeak.