Osasunbideak jakinarazi duenez, larunbatetik igandea bitartean 135 COVID-19 gaixo gehiago zenbat ziren Nafarroan, % 6,71. Guztira 2.146 dira gaixotutakoak, herrialdearen populazioren % 0,33. Gaixo horietatik 955ek ospitaleratu dituzte, baina gaur 678 daude erietxean. Haietatik 79 Zainketa Intentsiboko Unitatean. Koronabirusak jotako gaixoen % 51 etxean osatzen ari da, eta % 5 etxeko ospitaleratzearekin ari da onera bueltatzen. Nafarroako Osasun Zerbitzu gaixoen % 88,11 artatzen ari da, gainontzeko gaixoak zentro pribatuetan daude.
Osasunbideak jakinarazi duenez, osasun-krisia hasi zenetik COVID-19 gaitzak jota 102 hil dira, 18 larunbatetik igandera. Hildakoak 57 eta 97 urte artean zituzten eta hildakoen bataz besteko adina 81 urtekoa da. Bestalde, gaixoak ere sendatzen ari direla jakinarazi du Osasunbideak. Guztira 161 osatu dira, 36 larunbatetik igandera.
Oinarrizko Osasun Eskualdeei dagokionez, eta erietxe pribatuen datuen faltan, Osasunbideak jakinarazi du Sakanan COVID-19ko 41 gaixo zenbatu zituela atzo, ibarreko populazioaren % 0,20. Oinarrizko Osasun Eskualdeei dagokienez, Irurtzungoan (Irurtzundik Betelura arte, gehi Imotz eta Itzako herri batzuk hartzen ditu) 15 zeuden atzo (herenegungo kopuru bera), Etxarri Aranazkoan 18 (bi gehiago) eta Altsasukoan zortzi (bat gehiago).
Mila biztanleko gaixo kopuruari erreparatzen dio Osasunbideak gaitzaren eragina zenbatekoa den jakiteko. Nafarroako Osasun Zerbitzuak emandako datuen arabera Irurtzungo Oinarrizko Osasun Eskualdean mila pertsonako 2,27 kasu daude, Etxarri Aranazkoan 3,31 eta Altsasukoan 1,01. Hirurak kontuan izanda Sakanan gaitzaren eragina 2,2koa da. Nafarroan gaitzak eragin handien duen eskualdeen artean daude Artaxoa mila pertsonako 12,62 gaixorekin, Tafalla 8,8rekin eta Cintruenigo 6,98rekin.