Hainbat ohartarazpen egin ditu Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak etxe, lantegi eta bestelako establezimenduetan egiten diren maskaren inguruan. Aurrena, maskarak egiteko erabilitako materialen ingurukoa da: “ez dituzte dagozkien estandarren arabera beharrezkoak diren baldintzak betetzen”. Gaineratu duenez, “artisau-fabrikazioko prozedurak ez ditu arau tekniko bat beraren zehaztapenak betetzen, hain zuzen ere, eskainitako babesa arriskuaren aurrean eraginkorra eta egokia dela egiaztatzen dutenak”.
Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kideek azpimarratu dutenez, “maskara orok eskaintzen duen babesa eraginkorra dela egiaztatzeko, ezinbestekoa da, fabrikazio-prozesuan, arau teknikoak eta zehaztapenak betetzea, bai eta dagozkion erakundeekin saiakuntzak eta egiaztapenak egitea ere”.
Erakunde horretatik herritarrei azaldu dietenez, “babes-maskara egokien eskasia ez da konpondu behar artisau-maskarak erabiliz; izan ere, segurtasun-itxura faltsua sor dezake erabiltzaileengan, eta lasaitu egin daitezke kutsaduraren aurkako bestelako babes-neurri garrantzitsuak aplikatzean, hala nola eskuak maiz garbitzean, distantzia soziala mantentzean (gutxienez 2 metrokoa), begiak ukitzea saihestean, sudurra edo ahoa (baita eskularruak erabiltzen direnean ere) eta sudurra eta ahoa estaltzea doministiku egitean edo ukalondoarekin edo zapi batekin eztul egitean.
Institututik gaztigatu dutenez, “jendeak jakin behar dute maskara eraginkorrenak ere alferrikakoak direla behar bezala ajustatuta ez badaude, eta, beraz, funtsezkoa da behar bezala jartzea”. Gaineratu dutenez, edozein maskara garbitu eta berrerabiltzea ez da gomendagarria. Izan ere, “maskara horien fabrikatzaileek baimendu gabeko prozeduren arabera garbitzeak, printzipioz, ez du bermerik ematen, eta birusa hedatzen lagun dezake”.