Dastatu Sakana, garena elikatuz. Lelo hori aukeratu dute Sakanako Garapen Agentziak (SGA) eta Belardik, Sakanako ekoizleen elkarteak, ibarrean ekoizpen arduratsua eta tokiko kontsumo eta elikadura bulkatzeko. SGAko elikadura teknikari Nerea Viana Zugadik azaldu digunez, “Dastatu Sakanak beste elikadura mota bat bultzatu nahi du, gertukoa, justua eta anitza”. Gaineratu duenez, “ekimenak Sakanako ekoizleen eta denden zein jatetxeen artean aliantzak sortu eta sakandarrei, baita bisitariei ere, produktu osasuntsu eta onak zuzenean erosteko aukera ematen du”.
Dastatu Sakana “markan” dauden produktuak ibarreko denda txiki, harategi, taberna eta jatetxeetan salduko dira, irudi baten bidez identifikatuta. Vianak azaldu digunez, “bai dendek bai ekoizleek irizpide batzuk betetzen dituzte: kalitate handiko produktuak izateaz aparte, ekoizpen eredu iraunkor bat bultzatzen dute, tamaina txikiko ustiategiak eta dendak dira, bertako arrazak eta barietateak erabiltzen dituztenak, inguruko baliabide naturalak aprobetxatuz, paisaia zainduz eta transgenikorik gabeko pentsuak erabiltzen direla bermatuz”.
Zergatiak
Dastatu Sakanarekin bi helburu lortu nahi dituztela azaldu digu Vianak: “aurrena, ekoizpen iraunkorreko gertuko produktuak eta horiek ekoizten dituzten laborarien lana sustatzea. Eta, hurrena, horren aldeko apustua egiten duen herrietako komertzio txikiari aitortza egitea eta bulkatzea, balore gehigarria eta nortasuna duten produktuak eta zerbitzuak eskaintzen baitizkiete herritarrei”.
Teknikariak jakinarazi digu aspaldiko egitasmoa dela aurkeztu dutena eta lehen pausoak ematen ari dena. “Ezohiko egoera berezi honetan lurraldea saretzen duten egitasmoen beharra eta garrantzia inoiz baino argiago ikusten dugu. Alarma egoeraren erdian, proiektu honen aurkezpena egitea tokatzen zaigu eta, herriko dendek eta ekoizle txikiek egiten duten lanari aitorpena eta esker ona adierazteko modu ezin hobea da”.
Vianak azaldu digunez, “gaur egungo elikadura eta kontsumo sistemek oso zaila egiten dute gure inguruan modu iraunkorrean sortutako elikagaiak gure etxeetara eta mahaietara ekartzea, laborantzarekiko interes eta jakintza falta dela eta, prezioen lehiakortasun bortitza, nahiz merkatuaren globalizazioa eta kontzentrazioa dela medio, eskala txikiko abeltzaintza estentsiboa eta nekazaritza iraunkorra ahultzen doaz eta, era beran, baita herrietako komertzio txikiak ere”. Teknikariak gaineratu duenez, “askotan merkatuaren arauak bidegabeak dira, prezioen konpetentzia latzak ez du kontuan hartzen ingurunean eta osasunean ekoizpen industrialak duen ezkutuko kostu handia, zer esanik ez sektorean ilusioz lan egin nahi duten horien lana balorean jartzeari dagokionez”. Horregatik, sakandarrak tokiko produktuak kontsumitzera gonbidatu ditu.
Harremanetarako
Ekimena Sakanako ekoizle eta establezimendu gutxi batzuekin abiarazi dute, baina sarea hedatzeko eta aberasteko asmoa dute. Interesa dutenek 672 688 591 telefonora hots egin edota dastatu@sakana.eus helbidera idatzi dezakete. Ekoizleei, haien produktuei eta haiek erosteko tokiei buruzko informazioa www.dastatu.sakana.eus web orrian ikusgai dago.