Koronabirusa Sakanan

Isolamendua ongi betetzeko deia

Guaixe 2020ko api. 3a, 14:40

Jendea itxialdia betetzen ari da. Altsasuko San Juan kaleko auzokideak egunero 20:00etan dute hitzordua.

Sakanan baieztatutako 53 positiboez aparte, gutxienez, 185 kasu posible daude. Sendagileek esan dutenez, COVID-19 gaitzari aurre egiteko ezinbestekoa da isolamendua behar bezala betetzea.

Nafarroako Gobernuak egunero zabaltzen dituen gaitzari buruzko datuak PCR probarekin positibo emandakoak dira. Etxarri Aranazko Osasun Etxeko zuzendari Pedro Esquiroz Ayesak esan digunez, beraiek zehaztu gabeko koronabirus-gertakari posibleak zenbatuta dituzte. Denoi ezin baitzaigu  PCR probarik egin eta nahikoa test azkarrik ez dagoelako. Hala, medikuek arnas infekzio arina duen eta COVID-19 gaitzaren pareko sintomak dituen pertsonaren baten berri dutenean, eta beraien irizpide klinikoaren arabera koronabirusaren “kasu posible” bat izan daitekeela uste badute, hala izendatzen dute. Beste birus batzuengatik gaixotuta egon daiteke, baina epidemiaren logikan, medikuek nahiago dute gain-diagnostikatzea. 

Esquirozek azaldu digunez, “osasun-etxeak babesteko eta gaitza zabaltzea saihesteko, halako pertsonekin telefonoz hitz egiten dugu. Tratamendu sintomatikoa aplikatzen diegu 14 egunez, sendatu eta alta eman arte. Pazientearen bilakaeraren jarraipena osasun etxetik egiten dugu”. Medikuak gaineratu duenez, “egunez eguneko bilakaeran konplikazioak daudela sumatzen badugu, osasun-taldea etxera joaten da edo ospitalera bidaltzen ditugu. Han erradiografia egiten zaie eta emaitzaren arabera PCR proba. Positiboa bada ospitalean gelditzen dira”. 

Isolamenduaren garrantzia eta aholkuak
Kasu posibleekin horrela jokatzen du Osasunbideak birusaren hedapen posiblea geldiarazteko, horrela koronabirus posiblea kokatuta eta isolatuta dutelako. Esquirozek jakinarazi digunez, Etxarri Aranazko Oinarrizko Osasun Eskualdean 70 bat kasu posible zeuden asteartean. “Baina pertsona horiek etxekoekin-edo harremana dute. Kasu bakoitzeko bizpahiru pertsona badira, 210 pertsonez hitz egin dezakegu. Gaitza ez zabaltzeko, horregatik da hain garrantzitsua prebentzio neurriak egoki betetzea”. Irurtzungo Oinarrizko Osasun Eskualdean COVID-19 kasu posibleak 115 ziren asteartean. Altsasuko eskualdeko datuak ez ditugu eskuratu. 

Gaitzaren kutsadura ez zabaltzeko etxean egon behar dutenek bete beharreko neurriak gogorarazi dizkigu sendagileak: ongi aireztatutako gela batean egotea, ahal dela atea itxita, eta posible bada norbere bainugela propioarekin. Posible ez bada, bainuen gainazalak lixiba bezalako ohiko desinfektatzaile batekin garbitu beharko dira erabileren ondoren. Horretaz aparte, eskuak maiz urez eta xaboiz garbitu eztul, atija edo antuxa egin ondoren edo behin erabiltzeko zapiak ibili ondoren. Gaixo dagoena gelatik ahalik eta gutxien atera behar du eta, irten behar denean, beti maskara jantzita. Etxeko gainontzeko bizikideek ez dute gelara sartu behar, eta, hala egiten dutenean, maskara bat jarri beharko dute (kirurgiko normala nahikoa da edo sudurra eta ahoa estaltzen dituen oihalezko zapi bat maskararik ez badago). Gaixoak erabiltzen dituen tresnak (baxera, izarak, mantak, eta abar) ez partekatzea gomendatu du. Azkenik, edozein hondakin eta erabili eta botatzeko materiala zakarrontzi batean dagoen poltsa batean bota (hobe tapa eta irekitzeko pedalarekin bada). 

Gaixoarekin bizi direnak ere euren buruan zaindu beharko dutela gogorarazi du medikuak. Horregatik, gaixoaz beti pertsona heldu bera arduratzeko eskatu du, baita arrisku faktorerik ez duen pertsona izatea ere. Gaixoak maskara eramanen du zaintzailea gertu dagoen bitartean. Gaixoaren tresnekin kontaktuan jartzen diren pertsonek maskara eta eskularruak erabili beharko dituzte, eta ukipen bakoitzaren ondoren eskuak garbitu. Eskuak maiz garbitu beharko dituzte, gaixoarekin edozein kontaktu izan ondoren eta logelatik irten ondoren. Maiz ukitzen diren objektuak eta gainazalak garbitu eta desinfektatu (lixibazko 2 koilarakada ur litro batean). Zaintzaileek eta gainontzeko familiako kideek dituzten sintomei edota okertze-zantzuei ere erreparatu beharko diete. Eta zaintzailea edo familiako beste kide batzuek koronabirus bidezko gaixotasun-sintomak badituzte,  osasun-etxera hots egin.  

Sendagileak ondo zaintzeko aholkuak ere zerrendatu dizkigu: etxean gainerako bizikideengandik gela batean isolatu, atseden hartuz, geldialdian, gela aireztatuz eta hotza igarotzea saihestuz; eskuak maiz garbitu urarekin eta xaboiarekin; erabili botatzeko zapiak; egunean bitan hartu tenperatura;  38ºC-tik gorako sukarra badago, ondoez orokorra, buruko edo muskuluetako mina... hartu analgesikoak, esaterako, parazetamolaren moduko antitermikoa; likido ugari edan; elikadura osasuntsua izan eta goserik ez bada, fruta-zukuak hartu, barazki-saldak eta infusioak hartu; ez erre eta ez arnastu airea tabako-kearekin; sintoma berriak agertzen direla zaindu eta prozesu horretan oso garrantzitsua da kutsatzeak saihestea, horregatik, bisitarik ez jaso eta arrisku taldeetako pertsonekin harremana saihestu. 

Hildakoak 
COVID-19 gaitza duten pertsona gehienak kasu arinak edo asintomatikoak dira. Baina badago ehuneko txiki bat gaitzaren garapen azkarra duena, okerrera. Etxarri Aranazko Oinarrizko Osasun Eskualdean pandemiak hiru hildako eragin ditu atzora arte. Ospitaleratuak, berriz, zortzi ziren asteartean. 

PCR eta test azkarrak 
COVID-19 gaitza diagnostikatzeko bi proba ari dira erabiltzen: PCR eta test azkarrak. Bi metodologia desberdin dituzte. PCR teknika (ingeleseko bere siglak)  infekzio-gaixotasunak diagnostikatzeko maiz ibiltzen da. Haren bidez, birusaren genetika-materialaren azido erribonukleikoaren zati bat detektatu daiteke. Teknikak espezifikotasun eta sentsibilitate handiak ditu, eta kutsadura lehen faseetan ere atzemateko aukera ematen du. PCR probak konplexuak dira eta trebatutako langileek egin behar dituzte; emaitza ordu batzuen buruan ematen du. Proba hori erabili da epidemiako lehen egunetatik; izan ere, test azkarrak ez dituzte hasieratik eskuragarri izan.

Test azkarrek, berriz, birusaren aurka ekoitzitako antigorputzak atzematen dituzte; horretarako, odol-lagin bat edo arnas laginetan dauden birusaren proteinak erabiltzen dituzte. Test azkarraren abantailak dira gaixoaren etxean egin daitekeela eta emaitzak 10-15 minututan ematen dituztela. Test azkar ugari egitean gaitzaren behaketa hobetuko du osasun sistemak eta orduan PCR probak bakarrik sintomak dituzten baina test azkarrean negatibo ematen duten gaixoei.