Artikulu hau sinatzen dugunak Diputatuen Kongresuko taldeekin hitz egitera joan ginen martxoaren 10 eta 11n, SAREren izenean. Bilera adeitsuak izan ziren, eta esateko geneukana entzun eta aditu zuten. Gure mezuaren bidez, euskal presoen larrialdi-egoerari buruzko ohartarazpen bat egin nahi izan genien, gaixotasuna, urruntzea eta gradu-aldaketa direla-eta. Egoeraren larritasunak kezka sortu zien gure solaskideei.
Egun horietan, Madrilen zabaltzen ari zen dagoeneko pandemia; biral bihurtzen hasi zen “arrisku-taldeak” kontzeptua, eta talde horien artean bereziki zaurgarritzat jotzen ziren adineko pertsonak. Bada, espetxean dauden pertsonek “txartel” guztiak dituzte: adin handia, gaixotasun oso larriak, senideengandik urrun, informazioaren opakutasuna..., eta, orain, konfnamendu bikoiztua bihurtu den berrogeialdi hau.
Gaur, Osasunaren Nazioarteko Egunean, gogora ekarri nahi dugu egoera hori. Osasunerako eskubidea bizitzeko eskubidea da, preso daudenena ere. Espetxeak erabat oztopatzen du osasun-tratamendu egokia izatea, eta laburtu egiten du gaitz larriak dituzten pertsonen bizi- itxaropena. Horrez gainera, urratu egiten da, baldintza horietan egonda, zigorra etxean betetzeko duten eskubidea.
Legea betetzeko eskatzen dugu, besterik ez. Espetxean hiltzea ekiditeko. Zuzenbidearen kontrakoa da espetxean mantentzea; eta Zuzenbidearen kontrakoa da, erabat bidegabea delako, Estatuaren krudelkeria.
Presoen osasunerako eskubide unibertsal eta utziezina aldarrikatzea erantzukizun kolektiboa da; pandemian lein motiv osasuntsua izan den batak bestea zaintzearen zati bat da, ezinbestekoa gizarte demokratiko batean.
Bizirik eta etxean nahi ditugu.