COVID-19 gaitzak eragindako egoerak nafarren artean zalantza ugari sortu ditu. Nafarroako Gobernuaren herritarren arretarako bitartekoek alerta krisialdiaren ondoren galdera ugari jaso dituzte. Horregatik, foru administrazioak bost langile gehiago hartu ditu 012 edo 948 012 012 telefonoetan erantzunak emateko. Guztira 16 pertsona ari dira Herritarrak Artatzeko Zerbitzuan. Telefono hori 08:00etatik 19:00etara martxan dago lanegunetan. Doakoa da mugikorretan nahiz finkoetan telefoniako tarifa planak dituzten erabiltzaile guztiendako.
Aipatu hiru bide horien bidez osasun-arlokoak ez diren COVID-19aren inguruko ohiko galderak erantzuten ditu foru administrazioak. Bestalde, Nafarroako Gobernuaren koronabirusari buruzko web orrialdeko gomendioen atalean, besteak beste, osasun-arlokoak ez diren galderei buruzko ohiko galderen dokumentua du ikusgai (gaztelania hutsean), herritarrei informazio egiazkoa eta osoa emateko.
Berriak dauden bakoitzean eguneratzen den dokumentua da hori. 298 galdera eta erantzun daude 14 arlotan banatuta: animaliak; soldatapekoak, autonomoak eta enpresak; Iruñeko Udala; zirkulazioa, mugikortasuna eta garraioak; merkataritza eta enpresak; kontsumoa eta turismoa; kultura, liburutegiak, artxiboa eta museoak; eskubide sozialak; hezkuntza; Nafarroako Foru Ogasuna; aisia eta sinesmenak; pertsona migratzaileak; zerbitzu publikoak eta kudeaketak; eta etxebizitza.