Koronabirusa Sakanan

“Bakarrik entrenatzea gogorra egiten da; asteburuetan bideokonferentzian aritzen gara”

Maider Betelu Ganboa 2020ko api. 9a, 11:40

Ergometroa eta bizikleta estatikoa dira egun hauetan Ibai Gonzalez urritzoldarraren bidaide nagusiak. Eusko Label Ligak erabakitzen duenerako prest egongo direla nabarmendu du Orioko arraunlariak

Donostiako Antiguon bizi da Ibai Gonzalez arraunlari arakildarra, baina etxean, Urritzolan dago koronabirusaren ondotiko alarma-egoerako konfinamendua egiten. 

Non harrapatu zaitu honek guztiak?
Osasun krisi honek Urritzolan harrapatu ninduen, gurasoei bisita egiten ari nintzela. Antiguotik etxera etorri nintzen gurasoenean bi aste pasatzeko asmoz. Gimnasioan egiten genuen entrenamendua hemen egitea zen nirea asmoa, eta orduan horko ergometroa, arraunketa lantzeko gimnasioan erabiltzen duguna, hona ekarri nuen. Eta honek guztiak justu Urritzolan ergometroa nuela harrapatu ninduen. Eta pentsatu nuen konfinamendua hemen askoz hobeto pasako nuela, Urritzolan.. 

Joan zen urtean Eusko Label Liga irabazi zenuten eta Jon Salsamendi zuen entrenatzaileak helburu potoloak ditu aurtengorako ere; baina, bat-batean guztia gelditzen da. Azaro aldera Zein momentutan harrapatu zaituzte honek?
Azaroan hasten gara denboraldiko entrenamenduekin; neguan, astean gimnasioa, ergometroa eta korrika entrenamenduak egiten ditugu, eta asteburuan itsasora ateratzen gara. Justu tarte honetan hasten ginen itsasora pixka bat gehiago ateratzen, astean barna ere, gimnasioaz aparte, uretan osatzen genituen entrenamendu asko, indar lanak, eta honek erabateko aldaketa ekarri digu, etxean entrenatzen ari baikara.

Jon Salsamendik etxeko entrenamenduak pertsonalizatu dizkizue? Arraunlari bakoitza bere kabuz ari da edo teknologia berriekin arraunlariak konektatu eta elkarrekin aritzen zarete?
Hasiera batean arraunlari bakoitzaren errealitateari entrenamenduak egokitzea izan da Jon Salsamendiren helburua; horri lotuta, gaur egungo aplikazioek behintzat erraztasun batzuk ematen dituzte eta asteburuetan, larunbat eta igande goizetan, bideokonferentzia halako batean elkartu egiten gara taldekideak eta batera entrenatzen dugu. Berez ez da entrenamendua kontrolatzeko saioa, alderdi psikologikoa lantzeko da gehiago, ikusteko oraindik talde izaten jarraitzen dugula. Egia da astean bakarrik entrenatzea gogorra egiten dela. Gimnasioan denbora asko pasatzen dugu arraunlariek elkarrekin, talde gisa asko landu dugu alderdi hori, eta gogorra egiten da bakarrik entrenatzea; horrela, poztasun txiki bat ematen digu asteburuan elkarrekin entrenatzea ikusteak. 

Zenbat ordu entrenatzen duzue normalean eta zenbat orain?
Entrenamendu orduak ez dira aldatu. Gutxi gorabehera 2-3 ordu artean entrenatzen dugu egunero, entrenamendu fasearen arabera. Nik goizez eta arratsaldez entrenatzen dut. 

Salsamendiri zuek korrika asko egitea asko gustatzen omen zaio; orain ezinezkoa da, ez bada korrika egiteko zinta duzuela…
Ergometroa gorputza lantzeko nahiko agresiboa izan daitekeen makina da, eta, horregatik arraunlari askok beste makina batzuk ere izaten dituzte etxean. Ahal duenak bizikleta estatikoa egiten du, zintan korrika.... Baina, bai, korrika egitearen alderdia mugatua ikusi da honekin guztiarekin. 

Talde bakoitzean denok arraunketa berdina egiten duzue, sinkronizatua, eta horretarako entrenamendu espezifikoa egiten da. Akaso horretan nabarituko duzue ohiko entrenamenduen falta, hori traineruan entrenatzen delako, uretan...
Egia da alderdi hori ezin daitekeela espezifikoki landu, bakoitzak etxean entrenatzen dugulako, baina arraun talde guztiak baldintza berdinetan gaude eta hori oraindik neurtu ez daitekeen zerbait da. Gure kasuan, Orion, egia da aurreko urtetik hona blokea orokorrean mantendu dela, baina entrenamendu espezifiko hori ez osatzea nabarituko da. 

Orio gorenean dago eta aurtengo helburua maila horri eustea izango da. 
Nik ez dut lorpen horiez hitz egitea gustuko. Nik espero dudana da kirol honetaz eta taldeaz aurreko urtean bezala edo gehiago disfrutatzea, iaz asko disfrutatu genuelako. Azken finean disfrutatzea da espero dudana, arraun egitea eta itsasoa asko gustatzen zaigulako. 

Taldean aldaketa asko izan dira edo egitura berbera mantentzen da?
Orokorrean egitura berbera mantentzen da, baina aldaketatxo batzuk ere izan dira; batzuek arrauna utzi dute edo beste talde batzuetara joan dira, arraunlari berriak etorri dira edo aurreko urteetan Orion ibilitako arraunlariak bueltatu dira… baina finean blokea mantendu egin da. 

Aurretik esan zenigun ere, itsasoa eta arrauna oso gustuko izateaz aparte, kirolari gisa zure muga non dagoen jakiteak ere motibatzen zaituela. Nola zaude bide horretan? 
Azkenean lana eginez gorakako bidea hartuta dugu, ikusiko dugu noiz arte dugun halako garapen positiboa. 

Arraun denboraldia noiz hasten da berez?
Ekainean da hastekoa, baina hain justu larunbatean ACT (Traineru Kluben Elkartea) elkarteko traineru klub guztiak modu telematikoz elkartu ziren aurtengo egutegiaren azterketa egiteko. Ez dakit bilera horretatik egutegi planteamendu ezberdinak aterako dituzten, baina pentsatzekoa da osasun krisi honen ondorioz sortutako egoeraren aurrean zenbait alternatiba edo bide aztertuko zituztela Ligarako. 

Etxean egiten ari zaretena mantentze lana izango da entrenatzea baino gehiago…Eusko Label Liga atzeratu edo mantendu, txapelketara %100ean iritsiko zarete? 
Eusko Label Ligaren hasieraren arabera, baina guk garbi dugu gu prest egon behar garela planteatzen dituzten planteamendu desberdinetarako; horretarako entrenatzen ari gara, planteamendu ezberdinetarako prest egoteko. Ez dakit zein mailetan aurkeztuko garen, baina argi dut prest egongo garela edozein momentutan Liga hasteko. Gure entrenamenduan mantentzeko lanak egiten ari gara, baina baita alternatiba edo ibilbide desberdinak aurkezten badira prest egoteko. Dena den, ikusi beharko da osasun krisialdi hau nola garatzen den eta zein errealitate berri ezartzen digun. 

Epe motzean, kontaktuan aldaketa ekarriko du honek guztian. Kirolan emozioak eta adrenalina topera egoten dira: besarkadak, eskua ematea, kontaktua… ohikoak dira. Koronabirusaren aurrean, distantzia izan behar dugu, bakoitza bere tokian egon, ikutu gabe… ze hotza ezta? Gorputza halako aldaketara ohitu ahal izango dugu? Zeinen zaila…
Bai, zaila, baina nik uste dut honek guztiak gauza asko aldatuko dituela derrigor. Bestalde, jendeak kontzientzia handiagoa hartu du birusen edo transmisioaren inguruan dauden arriskuez, eta jokabideetan aldaketa handiak egon daitezkeela uste dut. 

Orioko arraunlaria izateaz gain, filosofia ikasketak eginak dituzu eta irakaskuntzako masterra egiten ari zinen.
Masterra bukatuta, Euskadin ateratako irakaskuntza oposizioetara izena eman nuen, baina... Nafarroako oposizioak badakit 2021ean irekiko dituztela berriro, baina Euskadikoez oraindik ez dakit ezer. Orain goizetan filosofiaren inguruko gauza asko berritzen eta berrirakurtzen hasi naiz eta horretan nago. 

Erretiro derrigortu hau ongi etorri zaizu oposizioak hobe prestatzeko? Egoerari alde positiboa ateratzearren…
Azkenean krisi egoeratan ere aukera egoerak sortzen dira. Eta egoera honekin ere gizarteari  hausnarketa egiteko momentua iritsi zaio, eta zoritxarrez halako osasun krisi bat gertatu behar izan da.  

Urritzolan zer moduz zabiltzate?
Momentuz ongi. Gustatuko litzaidake gizarteari eta herriei aitortza bat egitea, hirietako auzoetan eta Sakanako herrietan ere elkartasun dinamika asko sortu direlako, elkartasun sareak, arrisku egoeran dauden pertsonei erosketak egin, konpainia egin edo behintzat segimendua egiteko eta nola dauden galdetzeko. Gobernuaz aparte, ikusten da gizarteak ahalmena duela elkartzeko eta halako dinamikak sortzeko eta halako errekonozimendu bat egitea gustatuko litzaidake. Urritzolan, zorionez, jende helduak bere ondoan jende gazteagoa du eta premia hori behintzat betetzen da. Ez dago bakarrik dagoen jendea. 

Balkoietara edo ateratzen zarete? Etxeko baratz edo lorategian ondokoarekin hitz egin?
Bakoitza bere etxean gaude, baina lorategian ondokoarekin pixka bat hitz egin eta bereziki telefonoz deitu, hori bai egiten dugula. 

Orioko arraun elkarteko sare sozialetan sekulako mugimendua dago: arraunlariak, entrenatzaileak... nola entrenatzen duen batek, nola besteak...
Nik sare sozialekin ez dut harreman oso estua baina egia da, amak esaten dit sarritan, erakusten dizkit irudiak, egia da elkarteko kideek mugimendu asko dutela eta alde horretatik positiboa da hori mantentzea, jendeari ilusio pixka bat pizteko eta  erakusteko, nahiz eta itxialdi honetan egon, ez garela gelditu. 

Zu betiko harremanen aldekoagoa zara.
Bai, uste dut egoera honetan informazio gehiegi mugitzen ari dela eta nahikoa dugula hedabideetan ikusten dugunarekin; ez dut halako gaindosi bat bizi nahi eta horregatik baita aldentzen naiz halako lekuez.