Aurreko astean bezala, gaur ere, euskaraz aritzen garen irrati guztiok elkartuta, abesti bat eskaintzera goaz. Euskaraz egindako aurreneko rock abestia. 2018. urtean, Iparraldeko Euskal Irratien ekimenez, ehundik gora musikari elkartu ziren, kantu horren bertsioa eskaintzeko. Asmoa dute, ahalik eta azkarren, ekimen berbera errepikatzea, baina beste mila musikarirekin.
17 irratik bat eginen dute gaur, 11:00etan. Euskadi Irratiak, Gazteak, Bizkaia Irratiak, Bilbo Hiria Irratiak, Euskalerria Irratiak, Gure Irratiak, Irulegiko Irratiak, Antxeta Irratiak, Xiberoko Botzak, Amikuze Irratiak, Antxeta 2 irratiak, Arrasate Irratiak, Xorroxin Irratiak, Beleixe Irratiak, Esan Erran irratiak, Karrape Irratiak eta Aralar Irratiak bat eginen dute une batez.
Elkar hartuta, beti indartsuagoak garelako! Eta Irratiak hori ere badu, elkargune paregabea dela. Horretan sinistuta gaudenez, eta momentuz eskutik hartzerik ez dugunez, gaur denak sueltoan dantzatzera… baina denok batera! Euskal Herri Rock And Rolling!
Emankizun bateratuek igandean izanen dute segida, Aberri Eguna dela eta, egin den deialdi bateratuarekin bat eginez. Etzi, 12:30ean irrati guztiek bat eginen dute. Minutuko isilunean ahots gabeko kantua jarriko dute eta ondoren, jendeak kantatzen laguntzeko Txoria txori eta Ikusi mendizaleak kantak eskainiko dituzte.