Merkataritza txikiaren eta hurbileko merkataritzaren elkarteek, tartean Sakanako Dendarien, Ostalarien eta Zerbitzuen Elkarteak (SDOZE), agintariei eskatu diete Ostegun Santuan ez dezatela irekitzeko aukerarik eman. “Pairatzen dugun osasun-larrialdiko egoeran” nahikoa arrazoi ikusten dute SDOZEko kideek Ostegun Santuan dendak itxita egoteko. “Kontuan izanik bai Nafarroako Gobernuak bai zentralak astean behin erosketak egitera joateko eskatzen dietela biztanleei, etxetik ahalik eta hurbilen, eta jendetza saihestuz, logika hutsa iruditzen zaigu”. Gaineratu dutenez, “uste dugu, gainera, aste honetan kontsumitzaileak nahikoa egun baino gehiago dituela, guztira 4 egun, bere erosketak egiteko, eta uste dugu neurri hori osasun-arloko zentzugabekeria dela, gizartearekiko inolako ekintza enpatiko eta solidarioa, oro har, baita hurbileko merkataritzarekiko bidegabekeria ere”.
SDOZEtik gogorarazi dute Sakanan eta Nafarroan ehunka saltokik debekatuta dutela merkataritza irekitzea, ostalaritzan eta zerbitzu askotan bezala. “Ez dugu ulertzen, hilaren 26ra arteko nahitaezko itxiera agindu ondoren, Ostegun Santua irekitzea eta aisialdia egitea ahalbidetzea, egoera normala balitz bezala eta alarma-egoera pairatzen ari ez bagina bezala. Nafarroako operadore handiei ekonomikoki mesede egitea da interes bakarra”.
Txikizkako ehunka saltokiren ordezkariak
Iruñeko elkarteak; Arrotxopea, Sanduzelai, Latxan, Iturrama, Mendillorri, Nafarroako Merkataritza Txikiaren Elkartea, Tafalla, Doneztebe eta Sakanako merkatari elkarteek bat egin dute eskaera horrekin.