Koronabirusa Sakanan

SGAk enpresa eta autonomoendako informazio eta arreta zerbitzua eskaintzen du

Guaixe 2020ko api. 9a, 12:56

Sakanako Garapen Zentroan, Utzuganen, du egoitza, besteak beste Sakanako Garapen Agentziak.

Harremanetan jartzeko info@sakanagaratzen.com e-posta eta 647 864 239 telefono zenbakia erabili daiteke. www.sakanagaratzen.com web gunean COVID-19 aparteko informazio atala sortu du

Sakanako Garapen Agentziak (SGA) koronabirusak eragindako “ekonomia-krisiari aurre egiteko, ibarreko enpresa eta autonomoen bidelagun” izan nahi du. SGAko kideak jakitun dira epidemiaren zabalkundea saihesteko hartutako neurri bereziek “ekonomia-geldialdiarekin batera herritarrengan eta ibarreko gizarte eta ekonomia eragileengan zaurgarritasun egoera handitu duela” eta ziurgabetasun egoera areagotu”. 

Horregatik, SGA, beste administrazioekin elkarlanean, erakunde publikoetatik eskaintzen diren hainbat laguntzaren informazio eguneratua eta ulergarria eskaintzen du www.sakanagaratzen.com web gunearen bidez. Han autonomoendako, Enpresa Txiki eta Ertainendako eta lehen sektoreko jarduerendako diru-laguntzen berri dago, esaterako. Baita laneko arriskuen prebentziorako gomendio batzuk ere. Agentziako kideek, gainera, Sakanako erakunde publikoen arreta zerbitzu zentralizatu eta telematikoa prestatu dute autonomoendako eta ETE. “Zerbitzu horren helburua da problematika zehatzak jaso eta eskumena duten erakundeei informazio hori helaraztea”. info@sakanagaratzen.com e-postaren eta 647 864 239 telefono zenbakiaren bidez mezuak erantzunen dituzte eta lan-taldeko teknikariekin koordinatuko dira, “ahalik eta irtenbiderik egokiena eskaintzeko”.

Galdetegia 
Sakanako autonomoek eta ETEek dituzten behar zehatzak “hobe ezagutu, kuantifikatu eta modu eraginkorragoan erantzuteko”, bere web orrian opatu daitekeen galdetegi bat prestatu du. “Informazio hori oso lagungarria izanen zaigu eskualdeko agintariei behar horien berri eman eta enpresa nahiz autonomoei laguntzeko politikak publikoak zehazteko orduan”. Horregatik, galdetegia erantzuteko deia egin dute agentziatik. 

Galdetegian norberaren jarduera-sektorea identifikatzeko eskatzen da lehenik. Ondoren, langile kopuruari dagokiona heldu da. Osasun-krisialdiak autonomoen eta ETEen antolakuntzan dagoeneko ondoriorik ekarri duen edo dituen eta, hala bada, ondorio horiek zehazteko eskatzen du galdetegiak. Aktibitateari dagokionez, COVID-19a ekoizpenean zein ondorio izaten ari den edo izanen duen jakin nahi dute agentzian. Eta guztiaren ondorioz salmentak aldatu diren. Erakunde publikoek autonomoei eta ETEei zuzendutako salbuespenezko laguntzen berri ba ote duten galdetzearekin batera haiei buruzko aholkularitza beharko luketen, eta nolakoa, galdetzen du agentziak. Galdetegia erantzuten dutenek euren ekarpenak egiteko tartea ere izanen dute.