Koronabirusa Sakanan

Zerbitzu gizatiarra emateko erronka

Guaixe 2020ko api. 10a, 11:57

Satrustegiko hilerria. Hormaz bestaldean Satrustegi eta Arakil ibarra.

Doluz daudenekin lanean aritzera ohituta daude ehorztetxeetako langileak. Lan gehiago dute egun hauetan. Baina larrialdi egoerak ekarritako neurriek haien lan aldatu du. Eta, ondorioz, hildakoak agurtzeko eta dolua bizitzeko modua ere.

Bizitzak heriotza zor. Hala dio esaera zaharrak. Jaio bai, baina hil ere, hilen gara. Baina akabera hori, heriotza ez da ohiko hizketagai gure gizartean. Gertu tokatu ez bazaigu, heriotzaz gutxitan arituko gara lasai eta sakon hitz egiten. Koronabirus batek ekarri digu heriotza muturren parera, hedabide guztietan baitago. Gertukoak edo urrunekoak izan, COVID-19 gaitzak hildako hilera luzea uzten ari da munduan barna. Horren berri dugu egunero. 

Heriotzak segitzen du, baina maite zuten pertsonekiko dolua beste modu batera bizitzera behartuta daude gaur egun senide, lagun eta hurbilekoak. Osasun Ministerioak emandako aginduak zorrotzak baitira arlo horretan: gorpuak behin kutxan sartu eta hura zigilatu ondoren ezin da zabaldu, beraz, ezin da hildakoarekin inolako kontakturik izan; mota guztietako instalazioetan edo etxeetan gorpuen beila egitea debekatuta dago; gorpuei ezin zaie ez tanatoestetikako ez tanatopraxiako praktikarik egin; erlijio-kultuak edo hileta-zeremonia zibilak alarma-egoera bukatu arte egitea atzeratu da, eta hildakoaren ehorzketarako edo hilobiratzeko segizioan gehienez ere hiru senidek edo hurbilekoek eta kultuko ministroak edo haren pareko ardura duen pertsonak besterik ezin dute osatu, beti ere, metro bat eta bi metro arteko distantzia errespetatu beharko dute haien artean.

Egoera berriak ehorztetxeen lana erabat aldatu du. Egunerokoan heriotzarekin harremana duten horien lanean osasun-krisiak zein eragin izan duen jakiteko Mikel Idoaterengana eta Izaskun Iparragirrerengana jo dugu, Izarra eta Irache beilatokietako kideengana hain zuzen ere. 

Bat-batekoa 
Biek aitortu digute hasieran COVID-19 gaitza “urrutikotzat” jo zutela. “Txinan. Gero Italian, gero Gasteizen, gero eta hurbilago. Ostegun batean: hurrengo egunean haurrak klasera ez baziren joaten, hobe. Eta astelehenean, jada, ikastetxeak itxita”. Horrela laburbildu digu Iparragirrek nola bizi izan duen gaitzaren bat-bateko agerraldia. Idoatek gaineratu duenez, “egun batetik bestera, dena aldatu zela konturatu ginen: gure bizimodua eta gure bizitzeko era ere. Etxean egotea tokatu zaigu. Ahal dugunean behintzat. Horretara ere, nik uste, nahiko ongi ohitzen ari garela biztanleria osoa”.  

Idoatek hasierako egunetako urduritasuna du gogoan. Bat-bateko aldaketa hori Altsasuko Beilatokian familia batekin zegoela bizi izan zuen Iparragirrek: “Ostegunean-edo izan zen. Jada esana zuten kontuz ibiltzen hasi beharko ginela. Normalean, familia sartzean beti agur bero bat egiten diegu, familiak momentu horretan hori behar baitu. Bada, barkamena eskatu nien ezin nintzelako nahi bezala hurbildu”. Familiako kideak ulertu zutela eta batzuk eskularruekin eta maskararekin joan zirela gogoratu du Iparragirrek. “Hildakoa nahikoa gaztea zen eta bi egunetan 15 pertsona pasako ziren. Normalean jende asko pasatzen da”. Bulegoan zegoela, “hainbat e-posta iritsi ziren denbora gutxian: gehienez 10 pertsona egon zitezkeela beilatokian; metro bateko distantzia mantendu behar zela; handik gutxira metro bat beharrean bi metro ziren; jelak gela guztietan eta sarreran izan behar genituen…” Geroko erabakiak goian aipatutakoak dira. 

Baina Idoate ez dago ados erabaki horiekin: “guk gobernuari, Iruñeko Udalari eta abar gure ideia zein den adierazi diegu. Pentsatzen dugu halako neurri batzuk hartu direla Madrilen zegoen egoeran pentsatuz eta ez Nafarroakoan. Gainera, Nafarroan ere ez da berdin Iruñea, ez da berdin Etxarri, Altsasu edo Olatzagutia. Uste dugu bagenuela gaitasuna herri bakoitzaren beharretara moldatzeko. Birus hau eten behar da. Baina prebentzio neurriak ez daude kontrajarriak agur duin bat egitearekin, agur pertsonal bat egitearekin”. 

Neurriak 
Araudiari segituz “prebentzio neurri handiak hartzea tokatu zaigu”, azaldu digu Idoatek. “Buzoa, kaltzak, betaurrekoak, maskarak, eskularru bikoitzak jartzen ditugu gorpuak jasotzeko badaezpada ere”, zehaztu du Iparragirrek. Izarrakoak nabarmendu duenez, prebentzio neurri horiek bai langileei bai familiei begira hartu dituzte, inor ez kutsatzeko. Irachekoak gogorarazi du haiek ospitaleetan adinduen egoitzetan, etxe partikularretan… leku askotan ibiltzen direla eta ez dutela inor arriskuan jarri nahi. Horregatik, “ahal den neurrian, telefonoz, whatsapp edo e-posta bidez… Momentuz, horrela moldatu behar gara”. Idoatek gaineratu duenez, “beste guztia berdin egiten da. Azkenean zerbitzua egiteko familiak beilatokira etorri behar du”. 

Esamesa baten kontra ere egin nahi izan du Izarrakoak: “erraustu behar zela esan zen. Ez da horrela. Erraustu daiteke, lurperatu daiteke. Familiak nahi duena egiten da”. Beste zehaztapen bat ere egin nahi izan du: “hildakoak beilatokietan egoten dira. Nafarroan ez dago telebistan ikusten ditugun gorputegi horietakoetan egoten”. 

Agurraz 
Iparragirrek aitortu digunez protokoloa ezartzea “oso-oso-oso gogorra izaten ari da, gehienbat familiendako. Berez, egoera nahikoa gogorra da, eta horrek dena zailtzen du”. Bat egin du Idoatek: “azken agurra ematera. Hori da jendeari gehien kostatzen ari zaiona”. Esaterako, ospitalean hildako pertsona baten senideek eta hurbilekoek zendua etxetik gaixo joaten ikusi zuten azken aldiz. Ez dute gehiago ikusiko, hilkutxak ezin baitira zabaldu. Iparragirrek zehaztu duenez, “gainera, COVID-19rekin hiltzen direnean hurbileko familia berrogeialdian daude, etxetik ezin atera, gehienak kutsatuta baitaude”. 

Jende askoren egoeraz gogoeta egin du Idoatek: “zure aitari, zure amari azkeneko muxu hori eman ahal ez izatea, azken agur hori eman ez ahal izatea, eta ez izatea lasaitasuna beilatokian egoteko eta berarekin dolu prozesu hori hasteko egon ahal ez izatea jendea normalean baino ukituago uzten du”. Irachekoak aitortu du haiendako ere hartutako neurriak “oso gogorrak” direla. “Niri familiak esaten didanean: hurbileko familia bada ere, ezin dugu beilatokian egon? Edo, arropa hau prestatuta geneukan ama janzteko. Neurriak bete behar. Ezin dugu besterik egin”. Izarrakoak azaldu duenez, “saiatzen gara zerbitzua ahalik eta humanoen izatea. Ez dugu ahaztu behar hildako bakoitza pertsona bat dela, eta familia bat duela, sentimenduak daudela. Hori oso ongi kudeatzen jakin behar dugu egoera zail hauetan ere”. Eta langileen trebakuntzan azpimarra jarri du. 

Idoatek azaldu duenez, hildako baten inguruan “beti emozioa dago, mina ere. Baina agur desberdina zen, lasaiagoa zen. Egun hauetan jendea askoz okerrago ikusten ari gara”. Hori arintzeko neurri batzuk hartu dituztela ere azaldu digu: “hildako bakoitza bere argazkiarekin, bere loreekin, argazki bat ateratzen diogu tumuluan dagoen kutxarekin eta abar. Familiak, behintzat, jakin dezan: hildakoa hor dago, baina duintasunez agurtzen ari da bere burua ere”. Izarrakoak azpimarratu duenez, “pertsona bakoitzaren atzean familia bat eta bere senideak, lagunak eta abar daude. Hori ulertzen duzunean eramangarriagoa egiten da zerbitzua, eta zerbitzua ere hobea dela”. 

Iparragirrek azaldu digunez, “egia da ere, familia gehienek errespetatzen dutela. Ez dut esanen erraz, baina badute egoeraren berri. Ni beti sentitu naiz estimatuta familien aldetik”. Eta 90 maskara donatu dizkien Urdiaingo Mari Carmen Escalanterekin gogoratu da: “dena horren zaila eta hotza izaten ari da familiekin… Maitasuna edo estimua sentitu dugu. Eta bihotzez eskertu nahi diogu gurekin izan duen detailea. Pozik erabiliko ditugu”. Eta, bitartean segitzen dute hil ezkilak, malkoak, errausketak, hilerriko isiltasunean egindako ehorzketak, despedida mezuak, doluminak, eskelak… Bizitza.