27 euskal herritarrek Euskal Herria Batera ekimenaren berri eman dute. Osasun larrialdiak bete betean hartu du aurten Aberri Eguna eta ezin izanen da kalean ospatu. Sustatzaileen iritziz, “ezintasun horrek berak, ordea, aukera ematen digu euskal nazioaren eguna Euskal Herri osoan eta batera egindako keinu batekin ospatzeko eta, aldi berean, larrialdi honetan bizia galdu dutenak omentzeko, dolua adierazteko eta zaintzan dabiltzanei denon esker ona adierazteko”.
Euskal Herria Baterako sustatzaileek aurtengo salbuespen egoera baliatu nahi dute “Aberri Egunari zeregin berri bat emateko: euskal komunitateko kide sentitzen garen guztioi erabakimena, garapen kolektibo eusgarria eta berdinzalea emango ligukeen Euskal Herria aldarrikatzea. Zinez sinesten dugulako, eskubide guztien jabe izango den gure nazioa eraikitzean, mundua hobetzen ari garela guri dagokigun partean”.
Deialdia
Alarma egoeran ohikoak bihurtu diren balkoi topaketa ere deitu dute Aberri Egunerako. 12:30ean izanen da. Osasun krisialdian bizia galdu dutenak omentzeko eta zaintzan ari direnei eskerrak emateko minutu bateko isilunea egitera deitu dute. Ondoren, Txoriak txori eta Ikusi mendizaleak abestiak kantatzeko deia egin dute. Horretan lagunduko dute euskaraz aritzen diren irratiek, 12:30ean, bat egin eta euren sintoniaren bidez kantak emanen baitituzte. Ekimen horrekin bat egin du Beleixe Irratiak (FM 107,3), Sakanako irrati euskaldunak.
Bestetik, etxeetan ikurrinak edo Nafarroako banderak txintxilikatzea eskatu dute. Halakorik ez duenak, www.aberrieguna2020.eus web orritik deskarga dezake. Horretaz aparte, sustatzaileek “Aberri Egunean Euskal Herri osoan eta batera ikur kolektibo bat osatzea” deitu dute. Web orrian dagoen kartela deskargatu han “bakoitzak bere desioak adierazi” idatziz edo marrazkia eginez. Horren ondoren, harekin argazkia egin irudia bidaltzea eskatu dute. “Horrela aldarrikatuko dugu euskal herritarren, lurraldeen eta administrazio esparruen jardunendako jomuga bateratua nahi dugula. Elkarrekin eraikitako egitasmo partekatuak emanen diola gure herriari behar duen etorkizuna”. Eta aldarrikatu dute: “gaur egun, nazio eraikuntzak behar duela oinarrian komunitate bat, guztion bizitza duina eta eskubide oinarrizkoak bermatuko dituena; eta baita pertsonen arteko berdintasuna nahiz elkarrenganako zaintza eta errespetua sustatuko dituena”.