Koronabirusa Sakanan

IAGAk “iratzartzeko deia” egin du

Guaixe 2020ko api. 13a, 10:13

IAGAren Iatzar adi! dinamikako kartela.

Burgesiaren ofentsiba gelditzeko bitartekoak sortu eta horren ondorioak neutralizatzera begira elkartasuna antolatzen hastea ezinbestekotzat jo du. Elkartasun beharra dutenek eta lagundu nahi dutenek iatzarhadi@gmail.com e-posta helbidearen bidez jarri daitezke harremanetan. 

Irurtzun-Arakilgo Gazte Asanbladak (IAGA) Iatzar hadi! Burgesiaren ofentsiba gelditu! Egia. Osasuna. Askatasun politikoak. Langile antolakuntza leloan duen dinamika abiatu du. Horrela, IAGAkoek bat egin dute Gazte Koordinadora Sozialistaren kanpainarekin. Eta, aldi berean, “COVID-19aren krisiak langileriarengan eragindako ondorio politiko, ekonomiko, sozial eta sanitarioak neutralizatu eta gainditzera begirako baliabideak garatu nahi ditugu”.

Dinamikaren aurkezpenean IAGAko kideek jakinarazi dutenez, “bizi duguna alarma-egoerak ezkutaturiko salbuespen-egoera da, pandemiaren aurrean banku eta enpresari handien intereseko neurriak ezartzea bermatzen duena; goi-burgesiak diktadura politiko bat”. Gazte asanbladako kideen  iritziz, “gobernuak, gaixotasunaren transmisio eta hedapena kontrolatzeko hautua egin beharrean banku eta enpresari handien irabaziak lehenesten dituzten neurriak abiatu ditu, Osasun Mundu Erakundeak zein beste osasun eragile batzuek pandemia hasieratik gomendatutako neurriei entzungor eginez”. Eta salatu du “hasieratik diagnostiko proba goiztiar eta orokortuak egin ez izanak eta beharrezko neurri prebentiboak aplikatu ez izanak gaixotasuna inolako kontrolik gabe transmititzen jarraitzea” eragin dutela, eta, ondorioz, “zehazgabetasun konstante batera eta seguru aski etorkizunean beste agerraldi batzuk jasatera kondenatu gaitu”. 

Antolaketarako deia
Gaitza dela eta, IAGAkoek uste dute “burgesia irabaziak blindatzeko martxan jarri” dela. “Pandemiak eragindako geldialdi ekonomikoa bere gain ez erortzeko neurriak ezarri ditu, salbuespen egoeratik hasi eta Sanchezek onartutako talka planaren bidez estatua leporaino zorpetzeraino”. Guztia “langileriaren bizi baldintzen kontura” dela salatu dute IAGAtik. Horregatik,  “inoiz baino garrantzitsuagoa da bizi dugun egoeraren erantzule zuzenak markatu eta bizi dugun ofentsiba honen aurrean defentsa antolatzen hastea”.

Gazte asanbladakoek “ezinbestekotzat” jo dute “burgesiaren ofentsiba gelditzeko bitartekoak sortu eta horren ondorioak neutralizatzera begira elkartasuna antolatzen hastea. Politika optika proletariotik egiteko momentua da”. Horregatik, “sistema kapitalistari kontrajarriko zaion botere propioa artikulatzera begira proletalgoa antolatzen hasteko momentua” dela uste du. IAGAkoek “bizi ditugun eta etortzear dauden traba guztiak gainditzeko lan egingo dugu, gure bizi-baldintzak bermatu (janaria, etxebizitza, osasuna...) eta Covid-19aren hedapenaren testuinguruan jasaten ari garen egoerei (desinformazioa, askatasun politikoen urraketa, lan gatazkak...) konponbidea emateko helburuarekin”. 

Harremanetarako
iatzarhadi@gmail.com e-posta helbidea idatzi daiteke. www.iatzarhadi.eus web gunea et sare sozialen bidez ere euren jardunaren berri emanen dute. Zabaltzeko asmoa badute ere, momentuz, Irurtzun, Arakil eta Gulibarren (Gulinako bailara) ariko dira.