COVID-19ak eragindako alarma egoeraren aurrean Sakanako EH Bilduk adierazi duenez, “krisi honek udalek dituzten konpetentzia eta finantzazio eskasa ere agerian utzi du. Herritarrengandik gertuen dauden instituzioak dira, bizilagunen beharrak hobekien ezagutzen dituztenak, baina beharrezko neurriak hartzeko orduan mugatuta daude”. Aldi berean, koalizioak “kezkagarritzat” jo du Espainiar Gobernuak “elkarlana sustatu beharrean Autonomia Erkidegoei eta herriei konpetentziak kendu eta Madrilgo aginte bakarraren pean uzteko erabakia”.
EH Bilduko kideek argi dute egoerak “salbuespenezko neurriak” eskatzen dituela. “Baina hartutako neurriak gizarte autoritario eta antidemokratiko baten isla dira”. Horren adibide gisa zerrendatu dituzte: Nafarroaren konpetentziak bertan behera utzi dituzte, Osasunbidea Madrildik kudeatzen dute, Foruzaingoa eta udaltzaingoak Barne Ministerioaren gidaritzapean daude… “Osasun krisiari aurre egiteko militarrak eta poliziak erabiltzen dituen Estatua ez da ongizatea bilatzen duen estatu bat”. Koaliziotik galdetu dute eskumenak kentzeak eta zentralizazioak egoera zertan hobetu duen.
Koalizioko kideen iritziz, “behin osasun krisia gaindituta, gizarte eta ekonomia krisiari aurre egin beharko diogu. Izan ere, egoera honetan, elite ekonomikoek herri sektoreen eta langileen bizkarrean jarri nahiko dute berriro ere zama guztia. Langileon eskubideen eta justizia sozialaren defentsarako prestatu behar dugu derrigorrean”. EH Bildukoen iritziz, “etorkizuneko gizarte ereduak zaintza kolektiboan oinarritu behar du; kalitatezko sare publikoa sortu beharra dago”.