Goienerrek lortu du ikastolako instalazio fotovoltaikoak egiteko finantzazioa

Guaixe 2020ko api. 15a, 12:43
Lizarragako mikrosareko eguzki plakak eta Beriain.

Goiener taldeak hilabete eskasean 400.000 euroak lortu ditu bazkideen artean 5 ikastoletan instalazio fotovoltaikoak jartzeko.

Armentia (Gasteiz), Argia (Fontellas), Laskorain (Tolosa), Andra Mari Ikastola (Etxarri-Aranatz) eta Eleizalde (Bermeo) ikastolek eguzki plakez osatutako argindar instalazioa izanen dute aurki beraien teilatuetan. Horretarako Goiener Taldeak 400.000 euro behar zituen eta bere argindar sorkuntzako, Nafarkoopeko kooperatibako bazkideen borondatezko ekarpenei esker lortu du dirutza.  Goienerritik azaldu dutenez, “ikastetxeak autokontsumoaz baliatuz bere faktura elektrikoa murriztu ahalko dute eta, era berean, energia, jasangarritasuna eta efizientziaren inguruan ikasketa programa garatuko dute ikasleria, familiak eta irakasleria hezteko helburuarekin”.

Andra Mari ikastolako eraikin berriko teilatuan Goienerrek 192 eguzki plaka jarriko ditu. 380 metro karratu estaliko dituzte eta, guztira, 72 kilowatteko potentzia izanen du instalazioak. Sortzen den argindarraren zati bat ikastolara bideratuko da, bertan kontsumitzeko. Soberan dagoen gainontzeko energia sarera bota eta Goienerrek erabiliko du bere bazkidetza guztiari bideratzeko. Urteko egun guztiak kontuan izanda, ikastolak kontsumitzen duena baino % 47 gehiago sortuko da. Gauez argindarrik sortzen ez denez baina ikastolak kontsumoa duenez, energia instalazio horren bitartez kontsumituko duten % 60 euren teilatuan sortuko da. Gainontzeko % 40 sarera bota eta Goienerreko bazkidetzari zabalduko zaio.

Eguzki plakak jartzeko lanak ikasleak ez zeuden garaian egin nahi zituzten, udako oporraldia baliatuz. Osasun-krisialdiak ezartze planak azkartu ditzake.