Koronabirusa Sakanan

Sakanako testigantza kanpaina

Erabiltzailearen aurpegia Gutuna 2020ko api. 14a, 14:06

Mikel Adur Lakuntza, Sakanako Ikasle Abertzaleak-en eta Sakanako Gazte Koordinadora Sozialistaren izenean.

Asteak daramatzagu COVID-19 birusaren hedapenak sortu duen egoera honetan. Agerian gelditu da osasun krisialdi batetik haratago, burgesiak langile klasearen aurkako ofentsiba bat jarri duela martxan. Honen aurrean, burgesiaren ofentsibaren aurkako kanpaina politikoa abiatu dugu. Desinformazioaren aurrean egia exijitzeko, askatasun politikoa berrezarri dadin, gizarte eredu honen onuradun guztiekiko independentziaz jokatzeko eta osasuna gainjartzeko. 

Egoera honen aurrean, Sakanako IAk eta GKSk langileria pairatzen ari den ondorioak ezagutzea beharrezko ikusten dugu. Horretarako, Sakanako langileriaren testigantzak jaso nahi ditugu, ofentsibaren eragina eta izan ditzakegun ondorioak ezagutu ahal izateko eta horiei aurre egiteko baliabideak sortzera begira. 

Gure helburua ofentsiba ematen ari den esparru ezberdinetako testigantzak jasotzea da. Nabarmenki handitu den kontrol sozialari dagokionean, egunerokotasunean kalean ikusten ditugun isun arbitrario, atxiloketa edo jipoiak. Bestalde, etxebizitzaren auzian, hala nola, genero indarkeria jasaten ari diren emakumeak, oinarrizko hornidurarekin arazoak dituen pertsonak edota etxean arazoak dituen familiak. Bukatzeko, esparru laboralean, ERTEen aplikazioak, lanean jarraitu behar dutenen lan-kargaren handitzea, kontratu gabe lanean egonda kaleratua izan dena, etab. 

Horrelako edo bestelako egoeraren bat bizi baduzu, idatziguzu: testigantzak.sakana@gmail.com helbidera.