Konfinamenduko bertso saioak

Guaixe 2020ko api. 20a, 12:47

Nafarroako Bertsozale Elkarteak Konfinamenduko Bertso Saioak egitasmoa antolatu du, Nafarroako euskal irratiekin elkarlanean. Apirilaren 24an, ostirala, Sakanako Beleixe irratian izanen da bertso saioa.

Konfinamenduko Bertso Saioak Nafarroako zazpi euskal irratietan eginen da, eta hiru saiotan Nafarroako 16 bertsolari ariko dira; tartean, Idoia Granizo bertsolari altsasuarra. Egitasmoa ere Beleixe irratira iritsiko da ostiralean, apirilaren 24an, 12:00etan. 

Koronabirusak sortutako egoerak Nafarroako bertso plazara ere etena ekarri duela gogoratu du Nafarroako bertsozale elkarteak. Hortaz, egoeraren aurrean Nafarroako bertsolarientzat "etena erabatekoa izan ez dadin", eta, aldi berean, "bertsozaleari eskaintzen egin nahian", Konfinamenduko Bertso Saioak antolatu ditu bertsozale elkarteak. 

Egitasmoa Nafarroako zazpi euskal irratiekin elkarlanean antolatu dute: Euskalerria, Esan Erran, Beleixe, Aralar, Karrape, Irati eta Xorroxin Irratia. Hiru bertso saio izanen dira, uhinen bitartez eginen direnak. Bertan Nafarroako 16 bertsolari ariko dira. Lehenengo saioa aurreko ostiralean, apirilaren 17an egin zen, Euskalerria irratian eta Alazne Untxalo, Josu Sanjurjo, Julio Soto, Saioa Alkaiza, Xabat Illarregi eta Xabier Terreros bertsolariek parte hartu zuten. Aurkezlea Reyes Ilintxeta izan zen. 

Apirilaren 24an, ostiralean, 12:00etan, Konfinamenduko Bertso Saioa Sakanara iritsiko da eta Beleixe irratiaren bidez (FM 107,3) jarraitzeko aukera izanen da. Eneko Fernandez, Idoia Granizo, Julen Zelaieta, Patxi Castillo eta Sustrai Colina bertsolariak ariko dira eta gai-jartzailea Ander Aranburu izanen da. Bertsolari hauek ere apirilaren 23an, 12:00etan Esan Erran irratian eta Karrape irratian, 18:00etan, izanen dira.

Egun berean, ostegunean, Endika Legarra, Erika Lagoma, Joanes Illarregi, Mikel Lasarte eta Oskar Sanz de Acedo bertsolariak Aralar, Xorroxin eta Irati irratietan ariko dira, 13:15ean, 13:30ean eta 17:00ean, hurrenez hurren. Gai jartzailea Miel Mari Elosegi Luze izanen da.