Etxean eta etxetik ditugun harreman komunikatiboetan "euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan" egiteko gonbidapena luzatu nahi du Euskaraldiak, astelehenetik aurrera martxan jarriko duen Etxealditik Euskaraldia ekimenarekin. Hizkuntza ohituren inguruko hausnarketa abiatzea eta euskararen erabilera sustatzea ditu helburu nagusi, horiek aurrera eramateko bitartekoak eskainiz.
Apirilaren 20an hasi eta maiatzaren 3ra arte, Euskaraldiak bideo laburren bitartez egunero parte hartzeko jarraibideak emanen ditu Euskaraldiko facebook, instagram eta twitter kontuetan, ahobizi eta belarriprest Telegram kanaletan eta Euskaraldiko webgunean.
Hiru atal nagusitan banatuta, astelehenean argitaratuko den mezuak ekimenaren ingurukoak azaldu eta argibideak eskainiko ditu. Apirilaren 21etik 23ra berriz, hizkuntza ohituren gaineko hausnarketa egiteko proposamena zabalduko da. Hirugarren atala, azkenik, apirilaren 24tik 30era izanen da eta bertan egunerokotasunean eta ohiko egoeretan oinarritutako zazpi proposamen kaleratuko dituzte. Ekimenaren akabera maiatzaren 3an eginen da, komunitateari ikusgarritasuna eta batasuna emateko ekintza batekin.
"Ekimena bere egitera eta parte aktiboa "izatera dei egin diete herritarrei, sare sozialen zein fisikoki parte hartzeko bide ezberdinekin. Gainera, ekimena bitartean sortutako bideoak saretuz gero, @euskaraldia aipamena egitea eta #EtxealditikEuskaraldira traola baliatzea azpimarratu du antolakuntzak.