Guarko aurkezpenaren ondoren, bihartik ostegunera hizkuntza-portaeren eta ohituren gaineko hausnarketa bultzatuko du Euskaraldiak. Etxealditik Euskaraldira ekimenak ostiraletik hilaren 30era izanen du segida. Egun horietan ohiturak aldatu edo finkatzeko zazpi proposamen praktiko zabalduko ditu. Ekimena, maiatzaren 3an egingo den ekitaldi bateratuarekin despedituko da. Ekimenak irauten duen bi asteetan, goizero-goizero Euskaraldiko sare sozialetan ikusentzunezko pilula laburrak zabalduko dituzte, Etxealditik Euskaraldira ekimenean parte hartzeko jarraibideak emanez.
Parte-hartze digitala eta fisikoa
Herritarrek ekimenean parte hartzeko bi bide nagusi proposatu dituzte. Bata, digitala; ekimenean zehar sortutako bideoak edo ateratako argazkiak sare sozialen bidez zabaltzea, @euskaraldia eta #EtxealditikEuskaraldira traolak erabilita. Eta, bestea, fisikoa; leiho eta balkoietan koloretako puntu bat jartzea, etxe horretako herritarrak ekimenean parte hartzen ari direla adierazteko. Puntuaren diseinua datorren astean zabalduko dute.