Txirrindularitza

Data aldaketa: Litekeena da Espainiako Vuelta urriaren 22an iristea Sakanara

Guaixe 2020ko api. 21a, 10:29

2020ko Vueltaren aurkezpena egin zutenekoa.,

UCIk Frantziako Tourra, Italiako Giroa eta Espainiako Vuelta jokatzeko data berriak zehaztu ditu eta abuztuaren 19 beharrean litekeena da urriaren 22an pasako dela Vuelta Urbasa, Sakana eta Aralarko San Migeletik

COVID-19 birusak bazterra guztiak nahasi ditu, txirrindularitza tartean. Aurreko astean Nazioarteko Txirrindularitza Elkarteak (UCI) txirrindularitza proba nagusien egutegia eraldatzea erabaki zuen. Horrela, Frantziako Tourra abuztuaren 29tik irailaren 20ra jokatuko da, Munduko Txirrindularitza Txapelketak irailaren 20tik 27ra jokatuko dira, Suitzan, urrian Italiako Giroa jokatuko da, eta urria eta azaroaren artean Espainiako Vuelta. Giroaren eta Vueltaren behin betiko datak ez dira guztiz itxi, baina dagoeneko data dantza hasi da. 

UCIk aldaketa egitea erabaki baino lehen, Espainiako Vuelta abuztuaren 14an hasi eta irailaren 6an zen despeditzekoa. Nafarroan bi etapa ziren jokatzekoak –hain zuzen ere Nafarroako etapen aurkezpena martxoaren 10ean egin zuten Nafarroa Arenan–, abuztuaren 19an eta 20an. Abuztuaren 19an, etapa Iruñetik abiatu eta Lizarraldetik Urbasara sartzekoa zen, Sakana osoa zeharkatu, Uharte Arakildik Aralarko San Migelera igo eta Lekunberrin despeditzeko. Eta abuztuaren 20an Lodosan hasi eta Soriako Laguna Negran despeditzekoa zen Vueltako etapa. 

Bada, orain data berriak zehazten ari dira Vueltako arduradunak, eta Iruñean hasi, Sakana zeharkatu eta San Migel igo eta gero Lekunberrin despeditzen den etaparako urriaren 22a da antolakuntzatik maneiatzen ari diren data. Data aldaketarekin, Vueltak oraindik ez du zehaztu aurretik prestatuta zeuden etapa guztiak mantenduko diren edo aldaketak izanen diren.