Telebista aurrean ariketa egiteko

Guaixe 2020ko api. 22a, 10:15
Iñigo Vincens, "Adinberri" saioko aurkezlea. Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia.

ETBko Adinberri saioa mustu zuen joan den astean. Orain arte 11:00etan eman zuten, baina atzo Sakanan ez zen ikusterik izan eta gaur 12:00etan emanen dute. 

Adineko pertsonen osasun fisiko eta emozionala lantzeko saioa da Adinberri, ETB1 eta  www.eitb.eus web orriaren ematen dena hilaren 14az geroztik astegunetan. Ordu erdiko iraupena du saioak eta bi zati ditu. Iñigo Vincensek jarduera fisikoko sesioak lantzen ditu, eta hainbat ariketa egiten ditu, etxetik jarraitu daitezkeena. Zuriñe Hidalgok, bestalde, meditazio tartea gidatzen du. 

Zahartze osasuntsua eta aktiboa bultzatzeko estrategiari jarraikiz, telebista-saio berri hori ekoitzi du Gipuzkoako Foru Aldundiak, Adinberri Fundazioaren bitartez, adineko pertsonei ariketa fisikoa eta mindfulness/meditazioa egiten laguntzeko etxean, beren ongizate fisiko eta emozionala hobetzeko.

Adinberri saioa astelehenetik ostiralera 11:00etan ematen hasi ziren. Baina atzo Nafarroan ez zen emanaldirik izan eta haur programazioa ikusi zen telebistan. Saioaren hainbat ikuslek kezka azaldu zuten eta ETBtik jakinarazi digutenez, gaur 12:00etan izanen da saioa. Euskal Telebistak jakinarazi duenez, saioak mustutze egunean audientzia datu onak lortu zituen:  % 7,5ekoa, eta euskaldunen artean nagusi izan zen bere ordu-tartean, % 19,8ko audientziarekin.