Foru poliziak jakinarazi duenez, martxoaren 16tik apirilaren 16ra, 444 istripu izan ziren guztira Nafarroan joan den urtean, aurten, berriz, 103, izan dira. Hau da, % 76,8ko jaitsiera izan da Trafiko istripuetan. Foruzaingoak jakinarazi duenez, Altsasuko polizia-gunean (Sakanaz aparte Betelura arte, Leitza, Imotz, Goñi, Ollo, Iza eta Txulapain hartzen ditu) joan den urteko 38 istripuetatik aurtengo 12ra pasa da, % 68,42ko jaitsiera.
Foruzaingoak nabarmendu du istripu hilgarririk ez dela izan aurten, joan den urtean lau hildako izan ziren. Foru poliziaren datuen arabera % 78 murriztu dira zaurituak eragin dituzten istripuak: 41 istripu izan dira zaurituak eragin dituztenak, eta aurten 9 baino ez dira artatu, guztiak arinak. Bestetik jakinarazi dute % 100eko murrizketa izan dela txirrindularien harrapatzeetan; izan ere, joan den urtean bederatzi harrapatu zituzten eta aurten bat bera ere ez. Azkenik, animaliekin gertatzen diren istripuei dagokienez, 34 izan dira, baina % 56 jaitsi dira aurreko urtearekin alderatuta. 16 aldiz orkatzek eragin dituzte eta 12 basurdeek.