Salhaketa Nafarroak, Etxeratek, Altsasuko Gurasoak plataformak eta Sare Herritarrak dei egin diete “Nafarroako herritar guztiei, instituzioei eta eragile sozial, sindikal eta politikoei bat egin dezaten Espainiako Gobernuari honakoa exijitzearekin: lehenbailehen diseinatu eta gauzatu dezala espetxe politikaren arloko neurri plan bat, haren bidez betetzeko Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) eta Europako Kontseiluko Torturaren Prebentziorako Batzordeak (CPT) emandako gomendioak”.
Lau eragileek gogorarazi dutenez, Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak martxoaren 12an erabaki zuen kartzelak bakartzea eta bakarrik kartzeletako funtzionarioei uztea bertara sartzen. “Orduz geroztik Espainiako Estatuko 70 erakunde sozialek baino gehiagok behin baino gehiagotan eskatu dugu, beste neurri batzuen artean, presoak aska ditzatela, hori delako neurririk onena espetxeetan Covid-19aren kutsapenei aurrea hartzeko eta presoen osasunerako nahiz bizitzarako eskubidea bermatzeko”.
Salhaketa, Etxerat, Altsasu Gurasoak eta Saretik gogorarazi dute estatu askok milaka preso askatu dituztela, baina Espainiako Estatuko Gobernuak ez duela halakorik egin eta “tamalgarritzat” jo dute: “hemen, espetxe politikaren arloan, neurri bakarra hartu da, kartzelak bakartzea alegia, eta horrek ekarri du, praktikan, presoen eta haien gertukoen eta familien arteko komunikazioa murriztea eta bertan behera gelditzea barruko jarduera guztiak, tratamendukoak barne.”
Eskaera
Lau eragileek ziurtatu dutenez, “Espainian gaur egun espetxe arloan indarrean dagoen legeriak tresna egokiak ditu presoak espetxeetatik modu kontrolatuan ateratzeko plan bat bideragarria izan dadin, esaterako, Espetxeetako Erregelamenduaren 86.4 eta 100.2 artikuluetan jasotakoak; horrek lasaitasuna ekarriko luke kartzeletara eta aukera emanen luke pandemia horietan hedatzeak ekarriko lituzkeen ondorioei aurrea hartzeko”.
Aldi berean, eskatu dute berma dadila presoen eta haien familiakoen eta gertukoen arteko komunikazioa, bideo konferentzien doako sistema abian jarriz. Eskaeren artean daude ere presoen bisitak berriz hastea. “Horretarako, espetxeetara joan-etorriak egitea baimendu beharko da, edo jatorritik gertuko kartzeletara ekarri preso nafar guztiak edo Nafarroan errotuta daudenak, gaur egun beste kartzela batzuetan preso daudenak, hala nahi badute”. Salhaketak, Etxeratek, Altsasu Gurasoak eta Sarek gogorarazi dutenez, “Nafarroako Parlamentuak berak gehiengotan onartu izan ditu presoen urrunketa bertan behera uztearen aldeko zenbait ebazpen”. Lau eragileen azken eskaera da “espetxe barruko jarduerak berriz ezar ditzatela, betiere osasuna babestuz eta bermatuz”.
Lau eragileek adierazi dutenez, “egoera honetan borondate politikoak agintzen du, eta, orain inoiz baino gehiago, borondate politikoak herritar guztien osasunaren eta bizitzaren zerbitzuan egon behar du, baita presoen kasuan ere”.