Literatura

Liburuaren eguna: helduentzako proposamenak

Guaixe 2020ko api. 23a, 11:22

Liburuaren egunaren harira, bazterretik sailean Sakanako liburutegiek egindako proposamenak berreskuratu ditugu

Aitaren etxea. Elkar, 2019
JAIO, Karmele
Blokeatuta dago Ismael, bere nobela berriarekin aurrera egin ezinik, argitaletxetik deika eta... Gauzak okertu egingo dira, gainera, bere ama gaixotu egin dela-eta, aitaz arduratu behar duenean.
Hiru pertsonaia nagusiren inguruan eraikitako istorioa da. Botere harremanek sortzen duten tentsioa dago kontatzen denaren azpian.
Idazlearen hitzetan: “Gure eguneroko harremanen azpitik lur azpiko ibaien antzera dabiltzan botere harreman horiek azalarazi nahi nituen, eragina dutenak gure harreman sentimentaletan, gure lanetan, gure familian, gure bizitzako eremu guztietan”

 

Euskaltzaindia, euskararen 100 urteko laguna. Euskaltzaindia, 2019
BALLESTEROS, Amaia, gidoia eta marrazkiak; ZABALA, Juan Luis, gidoia.
Euskaltzaindiaren historia ahalik eta modurik atsegin eta entretenigarrienean kontatzen du. Komiki honek 72 orrialde ditu guztira, azal gogorra, koloretan argitaratu da eta lau ataletan banatuta dago: Sorreratik 36ko Gerrara arte (1919-1936), 36ko Gerratik euskara batuaren sorrera arte (1936-1968), Euskara batuaren sorrera eta hurrengo hamarkadak (1968-2005), Aro berria (2005-2019).

 

Piruetas. La cupula, 2017
Walden, Tillie
Tillie Waldek eleberri grafiko honekin 2018ko Eisner saria lortu zuen.
Irristaketa pista eta bere inguruneak dira eszenatokiak, non protagonistari gauza asko pasatu zitzaizkion heldua egiten zen bitartean: eskola-jazarpena, bere familia eta lagunekin harremanak, armairutik ateratzea, komikiak, musika.... Zer da heldua egitea, armairutik ateratzea eta nor izan zena atzera uztea dira egileak primeran jasotzen dituenak.

 

Esnearen kolorekoa. Alberdania, 2018
Leyshon, Nell
1830eko Ingalaterran, Maryk, ernegazio zaharrak trenputxartu duen baserritar baten alaba gazteenak, esnearen kolorekoa du ilea, eta jaiotzez akasduna hanka bat. Aitonaren ondoan sendatzen ditu Maryk, tarteka, lanez eta errietaz gainezkako bizimoduaren zauriak.
Halako batean, ordea, bikarioaren emazte elbarritua zaintzera bidaltzen du aitak, eta bizimodu berri horretan ezagutuko ditu Maryk bizitzaren hainbat alderdi berri. Eta berrikuntza guztietan buru, han ikasiko du irakurtzen eta idazten.
Itzalen mundua atzera uzteak, ordea, ez dio Maryri mesede hutsa ekarriko. Argitasunaren erreinuan gizakiaren eta ustezko ongileen miseriak ere ezagutuko ditu. Baita hondamendia zein saihestezina izan daitekeen ere.

 

Nojud naiz, 10 urte eta dibortziatua. Erein, 2018
Nojud Ali
Neskatila txikia da Nojud, ez da erregina ezta printzesa ere, guraso batzuk eta neba-arreba asko dituen neskatila arrunt bat baizik. Baina, 2008ko otsaileko gau hotz eta ilun batean, malko lodien atzean ezkutatu zen bere begirada polit bihurria, aitak esan ziolarik bera baino hiru aldiz zaharragoko gizon batekin ezkondu behar zuela.

 

Gerezi garaia. Txalaparta, 2018
Mikel Santos 'Belatz'
Teoria ederren zale baino, ekintza-gizona dugu Lucio Urtubia. Haren bizitza etenik gabeko borroka bat izan da, eta, batzuek kontrakoa uste duten arren, ondare hori utzi digu, Lucioren altxorra. Belatzek luze galdekatu du Lucio hainbestetan kontatutako pasadizoen inguruan, ekintzak, lekuak, pertsonak, gertakizunak, atmosferak iruditan zehaztasunez islatu ahal izateko.

 

Tximeleta belarriak. Pamiela, 2009
Luisa Aguilar, André Nieves
Maddi neska berezia da, eta ez ezerk ez inork ez du lortuko haren ezaugarriei balioa kentzerik, amak gakoa eman baitio edozein kritikaren aurrean airoso ateratzeko: autoestimua, irudimena eta naturaltasuna.

 

Bajo las cenizas de la Navarrería. Txertoa, 2017
Begoña Pro Uriarte
1276an Navarreriako gudan garaituak izan ziren zaldun nafarrek, Calahorran erbesteratutaak, ez dute ez ahaztu ez barkatu. Zortzi urte igaro dira jada. Guztia galdu dute: haien ondasunak, haien lurrak, eta hau gutxi ez balitz, “banido” hitz iraingarria erabiltzen dute haietaz ari direnean. Nafarroari begira bizi dira, itzultzea utziko dien seinale baten zain.
Zoritxarrez, ez da seinalea iritsi zaiena, baizik eta haien liderra den Garcia Almoraviden atxiloketa eta exekuzioa. Minaren minez, haren anaia den Fortun ekintzara pasatuko da, eta horretarako haren alaba Johana eta semea Martin erabiltzeko zalantzarik ez du izango.
Liburu honekin, Begoña Pro ezagutzeko aukera bikaina izango duzu, eta nahiz eta istorioa historian kokatzen den garai hori gustatu ez, asko disfrutatuko duzu liburu honen irakurketarekin. 

 

Etxeak eta hilobiak. Pamiela, 2019
Bernardo Atxaga
Liburu honekin irakurleak Ugarteko herritik Pauera, Baionara, Gaztelara, edo Texasera joateko aukera izango du, batetik bestera, gelditu gabe. Narrazioan sartu eta atera dabiltza anaia bikiak, Frantziara frantsesa ikastera joan eta mutua itzuli den nerabea, astero psikiatra batengana joaten den ingeniaria, “From fat to fit” telebista programaren protagonista….

 

Bilbo Samurai. Txalaparta, 2009
Fernando Morillo
Bilbo Samurairen historia da hau. Bizkarrean daraman sega eta Xuri gaztea bidelagun, herriz herri eta borrokaz borroka dabil Bilbo, Hondamendiaren aurretik Euskal Herria deituriko lekuan.
Bidean “Dorre zuria” paperezko liburuak, zibilizazioaren altxorra, eta hauek gordetzen dituen zaindariarekin egingo dute topo, besteak beste.
Zientzia fikzioa, abentura, adiskidetasuna, maitasuna, akzioa…
Eta gainera euskaraz!!!

 

Hijas de Egalia. 1977
Gerd Brantenberg
Liburu honetan gure egunerokoan ohikoak diren egoera asko aurkezten dira aldaketa “txiki” batekin: rolak aldatuta.
Idazleak aurkezten digun gizartean, emakumeak dira kanpora joaten direnak, botere postuetan daudenak, ekonomia kontrolatzen dutenak… eta gizonezkoak etxean gelditzen direnak, umeak zaintzen dituztenak eta amodioaz eta modaz kezkatzen direnak.
Rol aldaketa hauek behin baino gehiagotan ikusi ditugu bai literaturan bai zineman. Hala ere, hemen pauso bat urrutiago joaten da, hizkuntza ere horren arabera aldatzen baita; munduaren interpretazioa emakumeek eginez gero, horrela izendatua izango da: parlamenta, sociedad hembrista, movimiento masculinista…
Hasierako kapituluetan hizkuntzaren erabilera bitxia, barregarria egiten zaigu; baina aurrera joan ahala, konturatuko gara barneratuta ditugun egoera batzuk erabat absurdoak direla.
Imajina hilerokoaren festa ospakizuna Konstituzio eguna ospatzeko egiten den festaren moduan…

 

Bihotz handiegia. Susa, 2017
Eider Rodriguez
Ipuinez osatutako  Eider Rodriguezen liburua. Emakumeak, harremanak, gizarteak guregan duen presioa, norberak dituen betebeharrak, etab. luze besate batzuk jorratzen ditu. Azken finean eta letra larriz jarrita, SENTIMENDUAK.  Irakurtzean hainbat bizipenekin bat egiten duzu eta bertan agertzen diren kontraesanak zure egiten dituzu. Bizitza bera da sei istorioetan islatzen dena, alde batetik bere konplexutasunekin eta bestetik eguneroko ekintza arruntekin. 

 

Los señores del tiempo. Planeta, 2018
Eva Gª Saenz de Urtur
Gasteiztarraren trilogiaren azken istorioa da eta “nobela beltza” sailean sartuko nuke, alegia,  hilketak, polizia, ikerketak eta historia. 1100. urtea eta 2019.a hartzen ditu eszena toki eta erraztasunez lotzen joaten dira bi aroetako gertaerak. 

 

Zer da, ba, maitasuna? Elkar, 2018
Miren Agur Meabe
Eleberria hasierako orriak eta azkenekoak nahastuz irakurtzeko idatzia omen da, hau da, alde bateko 1 atala azken orriko 1 atalarekin, eta horrela liburu osoa. Proba ezazue, eta ea gustatzen zaizuen.