Literatura

Liburuaren eguna: haurrentzako proposamenak

Guaixe 2020ko api. 23a, 09:10

Liburuaren egunaren harira, bazterretik sailean Sakanako liburutegiek egindako proposamenak berreskuratu ditugu

Bonobo betaurrekodunen egiazko historia. Pamiela, 2014
TURIN, Adela, idazlea; BOSNIA, Nella, ilustrazailea
Bonobo arrak, emeak eta haurrak oihan batean bizi dira. Egun batean 4 bonobo ar Belfastera joaten dira ingelesa ikastera eta handik bueltan, ingelesa irakasten diete gainontzekoei. Ongi egiten duenari betaurreko moreak ematen dizkiote. Emeak ere saiatzen dira ingelesa ikasten eta baita lortu ere; baina betaurrekoak janzterakoan bonobo arrek iseka eta irri egiten diete, emeek buruan zapia eraman nahi dutelako. Emeak beste oihan batera joaten dira eta beren bizimoduarekin jarraitzen dute, haziak eta fruituak biltzen. Bonobo arrek arboletatik jaitsi behar izaten dute janari bila, gose baitira. Emeak eta kumeak dauden oihanera joaten dira zenbaitzuk beren bizimodu berria ezagutzera. Utziko al diete?

Zopak erre egiten du. Txalaparta, 2018
Albo, Pablo eta Letria, Andre
Egunerokoan, helduei huskeriak iruditu arren, haurrek hamaika erronkari aurre egin behar diete; kasurako, ipuin honetan, zopa pentsaezina den tenperatura batean hartzea. Desafio horiei aurre egitea ikasketa eta hazkunde-prozesuei lotuta dagoen errealitate bat da, eta haurraren imajinazioa da horretarako armarik onena.

Koala ahaltsua. Ibaizabal, 2018
Rachel Bright, Jim Field. 0-7 urte
Kevin koalak dena beti berdin egotea nahi du. Baina egun batean ustekabea izan, eta Kevinek ikusiko du bizitza desberdina eta zoragarria izan daitekeela. Marrazki zoragarriez lagundutako istorioa.

Pintto. Ttarttalo
Magali Le Huche
Txikienendako Pintto eta hainbat musika motarekin lotuta argitaratu dituzten bost ipuin interaktibo edo elkarreragile: Pintto eta orkestra, Pintto eta fanfarrea, Pintto eta rocka, Pintto eta musika Afrikarra eta, momentuz azkena dena, Pintto eta opera.
Zergatik elkarreragile? Bada, liburu bakoitzean Pinttoren bizipena kontatzen digun bitartean, agertzen diren 16 instrumentuak entzun ahal ditugulako bozgorailuaren marrazkia sakatuz. Soinua kalitate oso onekoa da, eta horrek egiten du erakargarri bai haur, bai ez hain haur, bai helduendako.

Bizenta txiki. Denon artean, 2018
Yolanda Arrieta
Ilustrazio liburua da eta, ustez, euskarazko lehen emakume idazlea izan zen “Bizenta txiki”-ren  bizitza erakusten digu. Yolanda Arrietak idatzi du eta marrazkiak Enrique Morenterenak dira. Euskal Herriko emakume interesgarriak ezagutzeko aukera ezin hobea.