COVID-19 birusagatik sortutako osasun-krisiak bertan behera utzi ditu hamaika kirol ekitaldi eta txapelketa. Larunbat honetan Sakanako Ibilaldia mendi martxa luze ezaguna zen egitekoa, baina aurtengo edizioa bertan behera utzi eta 2021ean gogotsuago eta indartsuago itzuliko direla adierazi zuten Irurtzungo Iratxoko kideek. Eta mendi lasterketekin gauza bera gertatzen ari da, udaberrian jokatzekoak ziren lasterketak bertan behera geratu edo atzeratu baitira. Sakanan mendi lasterketen egutegi ederra dugu, baina udaberriko probak ezingo dira jokatu eta abuztutik aurrerakoekin zer gertatuko den ezin da ziurtatu.
Altsasuko Kukuerreka elkarteak I. Bargagain Igo eta Jaitsi (12 km) proba antolatu behar zuen lehenengoz maiatzaren 23an, elkartetik Bargagain gurutzera igo eta jaisteko proba herrikoia. Izena ematea ere zabalik zegoen, baina bertan behera geratu da proba. Maiatzaren 31n Tritoiena lasterketa zegoen antolatuta Arbizuko kanpinean (21 km), aldi berean Nafarroako Banakako Mendi Lasterketa izango dena, baina proba abuztuaren 30era atzeratzea eskatu du antolakuntzak. Ekainaren 14rako Lakuntza-Aralar Mendi Lasterketa zuen prest Zabalarte klubak (25 km) eta bi aste beranduago, ekainaren 28an, Triku Trail mendi lasterketa (21 km) zen jokatzekoa Etxarri Aranazko kanpinean. Hiru proba eder hauek Euskal Herriko Mendi Lasterketen Rankingerako eta Nafarroako Mendi Lasterketen Zirkuiturako baliagarriak ziren eta parte-hartze polita espero zen, baina antolatzaileek azken biak bertan behera utzi eta hurrengo urtera arte atzeratu dituzte, eta Tritoienaren kasuan Nafarroako Mendi Federazioaren erantzunaren esperoan daude.
Egoera ikusita “erabaki zuzena” hartu dutela uste dute Lakuntza-Aralar eta Triku Trail mendi lasterketako antolatzaileek
Lakuntzako Zabalarte klubeko Asier Pellejerok azaldu duenez, gertu dago ekaina, eta Lakuntza-Aralar mendi lasterketarekin zer egin, erabakia hartu beharra zegoen. “Denbora aurrera doa, egoerak larri izaten jarraitzen du eta ez dakigunez zer gertatuko den, proba bertan behera uztea erabaki genuen. Nolanahi ere, uste dut ezingo litzatekeela Lakuntza-Aralar ospatu. 200 korrikalari baino gehiago elkarrekin lasterketa batean aritzea, bata bestearen atzetik, izerdia, horniduretako kontaktua eta dena delakoa… nik uste dut ezinezkoa izango litzatekeela” dio. Baimen eta burokrazia kontuak kenduta, oraindik ez ziren bete-betean antolaketarekin hasi, eta horrek erabakia hartzen lagundu ziela aitortu du Pellejerok. “Antolakuntzan bete betean hastekoak ginen, oraindik ez genuen ezer erosita, diru-laguntzarik eskatuta, eta horrek proba bertan behera uzteko erabakia erraztu du” gaineratu du.
Etxarri Aranatzen antzeko egoera izan dute Triku Traileko antolatzaileek. Apirilaren 15ean komunikatua kaleratu zuten, COVID-19 birusaren ondotik sortutako ezohiko egoeraren aurrean mendi lasterketa ezingo zela jokatu azaltzeko, eta Asier Beltzak aitortu du pena handiarekin hartu zutela erabakia. “Ez genuen uste horrenbesteko pena emango zigunik, baina egoera ikusita, uste dugu erabaki zuzena dela. Korrikalarien, boluntarioen, eta proba ikustera hurbiltzen den jende guztiaren segurtasuna ezin badugu bermatu, argi genuen lasterketa bertan behera utzi behar genuela” adierazi du. Otsailean hasten dira prestakuntzetan. “Orduan ez genuen pentsa hau guztia etorriko zenik” nabarmendu du Beltzak. Osasun krisi egoera sortu zenean, apirilaren hasieran Nafarroako Mendi Federazioarekin harremanetan jarri ziren, Nafarroako Gobernutik erabaki ofizialen bat ote zegoen galdetzeko. “Guk genekiena aipatu ziguten federaziokoek, azken finean, bermerik ez zegoela, ezinezkoa zela jakitea ekainean lasterketa egiten utziko ote ziguten. Zalantza asko eta erantzun gutxi, eta horren aurrean zentzuz jokatzea eta lasterketa bertan behera uztea erabaki genuen” dio. Publizitaterako kartel eta eskuorri batzuk izan ezik, oraindik ez zuten aparteko inbertsiorik egin. “Orduan hastekoak ginen lanak ematen. Halako proba baten atzean lan asko dago: baimenak eskatu, hornidurarako erosketak eta inbertsioa egin: anbulantziak, speakerrak, argazkilariak, hesiak, zintak, markatzeko beharrezkoak erosi eta lotu, kamisetak enkargatu, elikagaiak erosi… eta bete betean saltsan hasi baino lehenago, eta egoera zein den ikusita, gelditu eta proba bertan behera utzi genuen” gaineratu du Beltzak. Triku Trailerako izena ematea zabalik zegoen, eta 156 korrikalari zeuden izena emanda. Jakina, antolakuntzak dirua itzuli die.
Bai Lakuntzan eta bai Etxarri Aranatzen, 2021eraino atzeratu dute proba. “Martxoan eta apirilean jokatzekoak ziren hainbat lasterketatako antolakuntza nahiko aurreratua zegoen, inbertsioa egina, eta kasu horretan dirua ez galtzeko lasterketak iraila-urrira atzeratzea erabaki dute zenbait tokitan. Hori normala da. Baina ez da gure kasua eta hobeto iruditu zaigu lasterketa 2021era atzeratzea. Urte batengatik, ez da ezer pasako” dio Zabalarteko Asier Pellejerok. Triku Trailekoak iritzi berekoak dira, eta argi zuten ez zutela proba atzeratuko. “Iraila-urrian lasterketa asko daude, eta argi dugu beste proba batzuei kalte egiteko ez gaudela. Datorren urteari begira jarri gara” nabarmendu du Asier Beltzak. 2021eko ekainaren 27an jokatuko da hurrengo Triku Traila.
Aurtengo denboraldian lasterketarik jokatuko ote den zalantza
Mendi lasterketen denboraldia oso arraroa izango da aurten. Egoera normal batean orain bete-betean legoke denboraldia; uztail erdialdetik abuztuaren bukaerara beheraldia egoten da, eta irailean berriro gora egiten dute lasterketek. Baina aurten irailera begira daude korrikalariak, esperantza horrekin. Hala ere, momentuz ezin ziurtatu proba horiek jokatuko diren ala ez. Zabalarteko antolatzailea izateaz gain, korrikalaria da Asier Pellejero, eta ez du batere argi. “Ez dakit aurten lasterketaren bat jokatzerik izango ote den, masifikazioaren kontu horrengatik. Entzun ere egiten da udaren ondoren koronabirusak gora egingo ote duen, baina gaixotasuna ezagutzen ez dugunez eta ideiarik ez dugunez, auskalo. Esaten dute gutxika hasiko garela kalera ateratzen, eta halako lasterketetan 200dik gora korrikalari biltzen dira. Hornidurak, dutxak… nik oso zaila ikusten dut eskatzen diren segurtasun neurriak behar bezala betetzea. Ez dakit aurten lasterketak egiten utziko duten” dio korrikalari lakuntzarrak.
Uste bera du Asier Beltzak. “Momentu honetan Nafarroako Mendi Federazioan ere ez dakite lasterketak egin ahal izango diren ala ez. Federazioan “Segurtasunaren Bermea” delakoa dute orain mahai gainean, talde masiboetan segurtasuna nola mantendu. Egia esan, zaila ikusten dut. Ez bakarrik kirolean, baita festak, kontzertuak… Aurtengo urtea zaila izango da, arraroa. Esaterako, Nafarroako Mendi Lasterketen Zirkuituan 11 lasterketek puntuatzen dute eta dagoeneko lauzpabost erori dira. Maiatzaren 31n Tritoiena zen jokatzekoa Arbizuko Kanpinean, Nafarroako Banakako Txapelketa zena, eta abuztuaren 30era atzeratzea eskatu dute. Aglomerazioaren kontuarengatik proba asko zalantzan daude, oraindik ezin da jakin abuztutik aurrerakoak jokatuko diren. Niri ematen dit aurten txuri geldituko dela Txapelketa” dio Triku Traileko antolakuntzako kideak.
Urte arraroa
Urte arraroa dela, biak daude ados. “Denerako izango da arraro. Ez dakit zein uda klase izango dugun, zer opor, zer festa… ea behintzat aurki kirola egitera bakarrik ateratzeko aukera ematen diguten. Aste asko daramatzagu etxean eta jendeak ateratzeko gogo asko du; beraz, nik uste dut entrenatzera gogoz aterako dela jendea, ahal denean. Hori bai, zein erritmorekin edo zein lehiaketa grinarekin aterako den, hori beste kontu bat da, baina kirola egitera, bederen, gustura” dio Asier Pellejerok. 2021 hobea izatea opa du, eta gauza bera Asier Beltzak.
Trinitateko igoera
Irurtzungo Trinitate festetan Guan taldeak antolatutako Trinitateko Mendi Igoerak bere tokia egin du. Aurten ekainaren 6an litzateke jokatzekoa askako plazatik abiatu eta Ergako Trinitateko baselizara igotzen den proba herrikoia (3 km eta 500 m desnibel +). Korrikalari asko animatzen dira proban parte hartzera eta Ergako arranpak eta ermita ikuslez betetzen da, festei primerako hasiera emanez. Aurten zer gertatuko den, oraindik ez daki antolakuntzak. “Ziurrenik festak eta lasterketa bertan behera geldituko direla. Irurtzungo Udalarekin gaude harremanetan eta Udalak festen inguruan hartzen duen erabakiaren zain gaude. Dena den, aztertzen ari gara ea zerbait alternatiboa egiteko modurik dugun. Ezingo da berdina izan, Ergako goian jendetza biltzen baikinen, baina zer edo zer ezberdina eta sortzailea egiterik dagoen aztertzen ari gara, horrenbeste behar den poztasunen bat sortzeko” adierazi digu Guan taldeko kidea den Roberto Martil Osasuna Magna Xotako kapitainak.
Tritoienak lasterketa abuztuaren 30ean atzeratzea eskatu dio Federazioari
Arbizuko Eko Kanpinak antolatutako Tritoiena mendi lasterketak saltoa eman zuen aurten. Euskal Herriko Mendi Lasterketen Rankingerako eta Nafarroako Mendi Lasterketen Zirkuiturako baliagarria izateaz gain, Nafarroako Banakako Mendi Lasterketen Txapelketa da Beriain mendia ardatz duen proba. Maiatzaren 31n zen jokatzekoa, eta hasiera batean irailaren 6ra aldatu zuen antolakuntzak. Baina Nafarroako Mendi Federaziotik data aldatzeko eskaria etorri da. “Egun horretan Belaguako aterpea mustuko du Nafarroako Mendi Federazioak, eta irailaren 6an egutegia txuri mantentzeko eskaria egin du federazioak, Belagua mendizaleon topagune izateko. Horrek, jakina, data aldaketa eskatu du, eta Tritoiena aste bat aurreratu eta abuztuaren 30ean, igandearekin jokatzeko eskaria egin dugu. Nafarroako Mendi Federazioaren erantzunaren zain gaude” adierazi digu Arbizuko Eko Kanpineko Jesus Mari Reparazek.
Mendi lasterketen egutegiarekin jarraituz, irailaren 20an Uharte Arakil-Beriain Km Bertikala jokatuko da, Nafarroako Km Bertikalen Txapelketa izanen dena, eta urriaren 4an, Etxarri Aranazko ferietan, Mendira Joan Etorria Lasterketa jokatuko da (10 km). Bi proba hauek Nafarroako Mendi Lasterketen Zirkuiturako puntuagarriak izango dira. Eta Olaztiko San Migel festetan, irailaren 26an, Olatzagutia-Urbasa mendi lasterketa herrikoia antolatzea aurreikusten du Sutegik. Baina COVID-19 birusak sortutako osasun-krisia nola garatzen den eta agintariek hartzen dituzten erabakien pean daude aipatutako proba hauek guztiak. Ea udak zer dakarren.