Liburuaren egunean bada zer ospatu

Guaixe 2020ko api. 23a, 11:25

Apirilaren 23 da gaur, Liburuaren eguna, eta Nafarroako Liburutegiek egoerara moldatu dira eta ekitaldak formatu digitalean eginen dituzte. Hilabete honetan on-line maileguak laukoztu direla jakinarazi du Nafarroako Gobernuak

Liburuaren egun berezia izan behar zen aurtengoa Nafarroako liburutegietarako, izan ere, Nafarroako Liburutegiaren 150. urteurrena, Liburutegien Sarearen 70. urteurrena eta Irakurketa Kluben 20. urteurrena ospatu behar zuten gaurko egunean. Hala ere, modu "bereziago" batean bada ere, eta egoerak behartuta, liburuaren eguneko proposamenak sare sozialen eta Internet bidez egingo dituzte egunean zehar. 

Liburu eremua, eremu librea lelopean Kixoteren irakurketa tradizionala birtuala bihurtu dute aurten eta https://www.bibliotecaspublicas.es/navarra orrialdean jarraitu daiteke. Bestetik, plataforma berean, haurrendako #Vadecuento ekimena antolatu dute. Hainbat ipuin kontalariek emanaldiak eskainiko dituzte egunean zehar. 

Konfinamenduan ere Nafarroako liburutegiek mailegu-jarduerarekin jarraitu dutela esan du Nafarroako Gobernuak. 1400 pertsona baino gehiagok txartel digitala eskatu dute. Bideoak, aldizkariak eta liburuak ikusteko prataformara sabidea ematen dizu txartelak. Online maileguak laukoztu egin dira eta zerbitzu digitalaren erabilera-kopurua biderkatu.