Sakanako Mankomunitateak uhartear, lakuntzar, arbizuar, etxarriar, bakaikuar, iturmendiar, urdindar eta olaztiarrei gogorarazi die “bilketa puntuak garbi mantendu daitezen, hondakinak pertzetan atera behar direla posteetara”. Izan ere, zintzilikarioetan poltsak jartzean askotan hautsi egiten dira eta hondakinak lurrean barratzen dira. Kargagatik, haizeak eragindako mugimenduagatik edo jana bila dabilen abereren bat izan daiteke poltsak hausteko arrazoia.
Osasun krisialdiak eragindako alarma egoera betean kalean ere higienea mantentzeko deia da Mank-etik egindakoa. Hala, Hondakin Bilketa Zerbitzuko langileen eta gainontzeko herritarren osasuna babestu nahi da ere. Azkenik, ibarreko erakundetik gaztigatu dutenez, pertza ez dutenek eskatzeko aukera dute. Horretarako, 900 730 450 doako telefonora hots egin edo info@sakana-mank.eus posta elektronikora idatzi behar da.
Hiru eredu
Mank arduratzen da Sakanako 15 udalerrietan hondakin bilketa egiteaz. Eta horretarako hiru hondakin bilketa eredu ditu indarrean. Kaleko edukiontziak daude Irurtzunen eta Altsasun. Haien bidez kartoia eta papera, ontzi arinak, beira eta errefusa jasotzen dira. Irurtzunen materia organikoa jasotzeko hainbat auzo konpostagailu daude, Altsasun, berriz, 5. edukiontzia. Eredu horren gaikako bilketa tasa % 27koa da.
Bigarren hondakin bilketa sistema “mistoa” izena du. Biztanle gutxiko herrietan dago martxan: ezarria: Arakil, Ihabar, Arruazu, Unanu, Dorrao, Lizarraga, Lizarragabengoa eta Ziordia. Herri horietan, etxolen barruan, errefusa, ontzi arinak eta papera biltzeko edukiontziak daude. Hara sartzeko etxe bakoitzak duen giltza elektroniko bana du. Materia organikoa, berriz, etxean edo era kolektiboan kudeatzen dute konpostagailuen bidez. Sistema horretan gaikako bilketa tasa % 60koa da.
Azken eredua, atez atekoa da, Uharte Arakil, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Iturmendi, Urdiain eta Olatzagutia. Herri horietan biztanleek materia organikoa, ontzi arinak, papera eta kartoia, beira eta errefusa banatzen dituzte eta bakoitzak bere pertza ateratzen du dagokion egunean. Etxeko edo auzo-konposta egiten duen herritar ugari ere daude. Herri horietako gaikako bilketa maila % 80koa da.