Koronabirusa Sakanan

“Askatasuna baloratzen dugu, eta horrek dakarren erantzukizuna har dezakegu”

Munia El Marhoum Iruretagoiena 2020ko api. 24a, 15:33

Utrechtko parke batean jendea. Argazkiak: Munia El Marhoum Iruretagoiena

Herbehereak albiste izan ziren Mark Rutte lehen ministroa eta Hoekstra Finantza ministroak hegoaldeko herrialdeei egindako kritikarengatik. Baina nolakoa da egoera haien herrialdean?

Otsailaren 27an heldu zen, ofizialki, koronabirusa Herbeheretara, lehenengo kasua egun horretan egiaztatuta. Atzora arte koronabirus kasuak 35.729 ziren, ospitaletan ingresatua10.158 eta hildako konfirmatuak 4.177, RIVMren arabera (Osasun Publiko eta Ingurumen Saila). Agintarien lehenengo erantzuna birusaren eragina gutxiestea izan zen. Bai gobernuak, bai probintzietako agintariek eta osasun arduradunek behin eta berriz errepikatu zuten sintomak zituzten pertsonek bakarrik pasa ahal zutela birusa. Ez zen inolako neurririk hartu, eta denak beti bezala jarraitu zuen. Erantzun horrek birusaren zabaltzea erraztu zuen. Dena den, egoerak aurrera egin ahala, gobernuaren erantzuna aldatu egin zen.

Hiru pertsona edo gehiagoko taldeak kalean 1,5 metroko distantzia errespetatuz ibili daitezkeela adierazi zuten, eta, betiere, etxe berbereko jendea izanez gero. Kafetegi eta jatetxeek itxita jarraitzen dute martxoaren 16tik, etxez etxeko banaketa zerbitzuetarako izan ezik. Supermerkatu eta merkatuek erosketa seguruago baterako neurriak hartu dituzte. Umeek kalean jolasten jarraitu dezakete. Gutxienez apirilaren 28ra arte egongo dira neurri horiek indarrean.

Horrekin guztiarekin, gobernuak “kontrol masiboa” deitutako plana jarraitu nahi du, jendeari etxean geratzeko eskatuz, eta aipatutako neurriak betetzen ez dituen jendeari isunak jartzeko aukera dagoela adieraziz. Jendeak plan hori “intelligent lockdown” bezala ezagutzen du, “itxiera zentzuzkoa”. Mark Rutte lehen ministroaren hitzetan, “jende asko kutsatuko du birusak datozen asteetan, hortaz, zenbat eta jende gehiagok immunitatea lortu, orduan eta baxuagoa izanen da nagusi eta pertsona ahulenei birusa kutsatzeko aukera”. Haien ustetan, kutsatzea denbora tarte luzeago batean izanen da modu horretan, eta horrek osasun sistemaren ahalmenen barnean geratzea ekarriko du, inolako kolapsorik sortu gabe.


Mark Rutte, lehen ministroa. Argazkilaria: Arno Mikkor.

Ekonomia herritarrak baino lehen
Ruttek telebistan egindako agerraldian, eta baita Osasun Saileko atalean ere,  COVID-19ari aurre egiteko 3 plan zeudela adierazi zuten. Lehenengoa, koronabirusaren aurkako inolako neurririk ez hartzea, kutsatzeak azkar igoko lirateke eta osasun sistemak ezinen lioke aurre egin horri, egoera ahulenean dauden pertsonei laguntzeko ahalmenik gabe geratuz. Bigarrena, birusaren euste masiboa, edo itxiera osoa. Haien esanetan, honelako irtenbidea “erakargarria” izan daiteke hasieran, baina “izugarrizko eragina izango luke eskoletan, ekonomian eta abar”.  Azkena, gobernuak jarraitzea aukeratu duena, lehenago aipaturiko “kontrol masibo” estrategia.

Europar Batasuneko beste herrialde batzuei, gehienbat hegoaldeko herrialdeei, kritika handia egiten ari zaie, bertako kudeaketagatik, ekonomiaren egoera aipatuz beti. Dena den, Herbeheretako parlamentuan, oposizioan ere hainbat kritika izan dira, lehen ministroaren eta gobernuaren hitzei erantzunez. Progresisten (D66 partidua) buruak gobernuaren eta Hoekstra Finantza Ministroaren hitzak kritikatu zituen, Herbehereak gainontzeko Europar Batasuneko herrialdeetatik “bakantzeagatik”.

Osasun sistema
Herbeheretako osasun sistema unibertsala eta estandar onekoa dela diote bai gobernuak, bai hainbat artikuluk. Hala ere, ez da gizarte segurantzarekin, edo zergekin bakarrik ordaintzen. Horren ordez, Herbeheretan bizi eta lan egiten duen edonork nahitaez kontratatu behar du aseguru pribatu oinarrizko bat, gutxienez. Horretaz aparte, aseguru konplexuago edo osatuago bat nahi izanez gero, bakoitzak erabaki dezake zer kontratatu. Herbeheretako herritarren %99ak osasun aseguru oinarrizkoa du, behintzat. Gainera, behar izandako arreta eta zerbitzuen konplexutasunaren arabera, aseguruak ez du dena estaltzen, eta gehigarriak ordaindu behar dira. 

Mediku laguntza behar izanez gero, lehenengo kontaktua familia medikuarekin egin behar da beti, haiek baitira larrialdietara, espezialistengana, edo ospitalera joateko agintzen dutenak. Ospitaleetan ez dituzte kasu txikiak onartzen, eta etxera bidaltzen dute jendea, edo norbere familia medikuarengana. Bestalde, horrek ospitaleen espezializazio maila altua, eta arrisku handiko gaixotasunak tratatzeko ahalmen handiagoa dakar.

Espezializazio altuak, eta familia medikuengana kasuak berbideratzeak, ospitaleen jende ahalmena txikitzen dute. Zainketa Intentsiboetako Unitateetako (ZIU) oheak murritzak dira, Europar Batasuneko gainontzeko herrialdeekin konparatuta. 100.000 biztanleko 6,4 ZIU ohe daude Herbeheretan. Espainian, aldiz, 9,7 daude, Italian 12,5 eta Alemanian gehien, 29,2.

Testak eta zenbakiak
Imane Rachidi Herbehereetan kokatutako kazetariaren arabera, ohiko hildakoen zenbakiak bataz bestekoaren gainetik daude. Duela bi eta hiru asteetako zenbakiak kontuan hartuz, esaterako, bataz bestekoa baino 2.000 pertsona gehiago hil ziren aste bakoitzean, CBSren (Estatistika Zentro Nazionala) arabera. “Probak eginda, COVID-19arengatik hildakoak 3.315 dira, baina zifra horri, gutxienez, beste 4.000 hildako gehitu behar zaizkio”, Rachidiren esanetan.

Ospitaleetara eta medikuarengana doan jendea etxera bidaltzen dute, birusaren sintomak izanda ere, etxean gelditzeko esanez, testik egin gabe. Lehen egunetan Italiatik edo Txinatik etorrita sintomak zituzten jendeari egin zizkieten testak, baina gainontzeko jendeari ez zaio frogarik egiten. Ez dago test nahikorik, eta sintomak izanda baina koronabirusa izan dutela frogatu gabeko hildakoak ez dira zenbaki ofizialetan agertzen. 

Rachidik dionaren arabera, “hau ez da gertatzen norbaitek zenbakiak ezkutatzen dituelako, inork kontuan hartzen ez dituelako baizik. Ez dago test edo kit nahikorik frogak egiteko, eta osasun arloan lan egiten dutenei lehentasuna ematen zaie”. Zenbakiak errealitatetik ahalik eta hurbilen egon daitezen, familia mediku holandarrak sistema bat sortu dute, kutsatze eta hildako ez ofizialak kontatu eta zenbaki ofizialei gehitzeko. 

Jendearen erantzuna
Gobernutik bidalitako mezuek etxean geratzeko esaten badute ere, nahitaezkoa ez den heinean, jendeak kalera irteten jarraitzen du. Bertakoei galdetuta, gehienetan kalera ateratzeko ahalmena eskertzen dute, eta beste herrialde batzuek hartutako erabakien aldean bertako egoera hobea dela esanez.

Bizikletan, korrika edo oinez jendea parke eta eremu berdeetara ateratzen da, are gehiago azken asteetan izan den eguraldi ona eta Aste Santuko oporrak kontuan hartuta. Een Vandag telebista publikoko programak egindako inkesta baten arabera, seitik batek familia edo lagunekin batzeko asmoa zuen Aste Santuan. 

Ahal duen jendeak etxetik lan egiten jarraitzen du, eta oinarrizko lanpostua dutenak oraindik lanera doaz. Ikasleen kasuan, martxoaren 16tik aurrera jarduera akademiko guztiak etxetik jarraituko zirela iragarri zuten unibertsitate eta eskolek, eta geroztik, klase eta kontaktu guztiak online egiten ari dira.

Aipatzekoa da zeinen desberdintasun nabariak ikus daitezkeen, orokorrean hitz eginda, bertako jendearen eta kanpotar edo internazionalen arteko ikuspegiak alderatuta.

Bertakoen ikuspegia

Janita Noorman, Herehereetan jaio eta hazitakoa da, eta Utrechten bizi da. Koronabirusaren ondorioz lan egiteari utzi dio eta agenda guztiz zuri duela dio. Bere ikuspegia gobernuarenarekin nahiko lerrokatua da, agindutako erabakiak ongi hartu ditu. Kalera atera ahal izateak egoerari errazago aurre egiten uzten diela dio, “ia egunero bizikletan ibiltzera ateratzen” direla, eta betiko martxan jarraituta eginen ez lituzkeen gauzak egiteko aukera duela orain. Hobeki egin ahal izan zela ere onartzen du, hasierako erantzuna geldoa izan zela, baina “gobernuak antolakuntza ona” duela dio: “ lider nabari bat dugu, eta espainiar edo italiar gobernuak baino hobeki antolatu gara”. Immunitatea lortu eta kutsatze aukerak murriztearen ideia ona dela uste du. Gainera, osasun sistema ona dutela deritzo, eta harro daudela horretaz. Gobernuaren erantzuna egokia dela dio: “askatasuna baloratzen dugu, eta horrek dakarren erantzukizuna har dezakegu”.

Fleur Rood, Herbehereetan jaio eta hezitako unibertsitate ikaslea da. Koronabirusak, gehienbat, bere antsietatea edo kezkak areagotu dituela dio, orokorrean “etorkizunak zein itxura izango duen ez jakiteak”. Bere graduko azken urtea izanik, eta ikasleen gehiengoak bezala, galdera asko ditu: “nola eragingo du nire gradu akaberako lanean? Irailean berriro eskoletara bagoaz, nola errespetatuko dugu 1,5 metroko distantzia? Galdera asko eta erantzunik ez oraingoz”. Bestalde, gobernutik hartutako erabakiei dagokienez, ulertzen du zergatik ez dagoen guztizko itxierarik. “Baliteke erabateko itxierak gizartean izango luken eragina ez ulertzea, eta horregatik ongi ikusten ditut orain arte hartutako erabakiak”, gehitzen du. “Horrela nolabait bizitza ‘normala’ egiten jarraitu dezakegu, behintzat”.

Kanpotarren ikuspegia

Mahbir Thukral Erresuma Batuan jaio eta hezitakoa da, Indian familia du, baina Herbehereetan bizi da orain. Bera ez dago ados Indian hartutako erabakiekin, erabateko itxierarekin, eta hemen kanpora ateratzeko aukera eskertzen du. Hala ere, egoera batzuetan bertako jendeak distantziak errespetatzen ez dituela ere sentitzen du. Berak enpresa txiki bat izanda, egoera honi ahalik eta airosoen aurre egiteko moduak bilatu nahi zituen. Horregatik, aplikazio bat sortu du, zabalik jarraitzen duten janari denda edo antzeko denda txikiak kokatzen laguntzeko. Bere ustez, “egoera hau luzatuko dela argi dagoenez, aukera hau pertsonalki eta profesionalki nola funtzionatzen dugun ikusi eta baloratzeko erabili behar dugu”, telebista eta komunikabideetan ikusten dugun negatibitatean bakarrik zentratu gabe.

Luisa Varela Tyschen espainiarra da izatez, baina hau ere Herbehereetan bizi da. Osasun munduari lotuta hazi zen, eta osasun arloan lan egin du azken 9 urteetan. Bere ustez “Herbehereek, Europar Batasuneko gainontzeko herrialdeekin konparatuta, birusaren aurrean izan duten erantzuna ez da batere ona izan”, erreakzio denbora geldoa izan dela dio. Komunikabideen lana, informazio ematea eta egoeraren benetako larritasuna transmititzean ez direla ongi aritu uste du. Bestalde, Rutteren eta Herbeheretako herritarren jokaerak ekonomia gainontzeko guztiaren gainetik datorrela argi utzi diola gehitzen du, eta horrek “begiak zabaldu” dizkiola. “Espainiar gobernua gardena da hemengoarekin konparatuta, egunero prentsaurrekoak ematen dira. Bitartean hemen pare bat prentsaurreko egon dira, eta mezua ez da oso argi geratu inorendako”. 

Nire kasuan, Erasmus programarekin nago Herbehereetan, zehazki Utrecht-en. Ikasleen egoitza eta etxe asko dauden eremuan bizi naiz, eta hemen eguzkia dagoenean kanpora ateratzen gara, bizikletan ikusi daiteke jendea, eremu berdeetan, kanaletan, eta abar. Larritasun handirik ez da ageri. Hori bai, janari eskaerak ugaritu dira, afalorduan ‘rider’ dezente agertzen dira hemen. 

Gainontzeko ikasleekin hitz egin dudanaren arabera, norbere herrialdeekin konparatuta, hemen alarma gutxiago dagoela dirudi. Herrialde aurreratu batean gaudela eta sistema ona dutela transmititzen digute, hartutako erabakiak egokienak direla. Egia esan, kanpora haizea hartu eta buelta bat ematera atera ahal izateak psikologikoki honi aurre egiten laguntzen duela uste dut, eta egoera horren larria ez dela transmititzen du. Baina zenbakiak ez datoz bat beste herrialdeek izan duten bilakaerarekin, eta nahiko susmagarria egiten zait. Horregatik, esango nuke, lasaitasun sentsazio faltsu bat dela hemen sentitzen dudana. 

Neurrien lasaitzea
RTL Niews-ek adierazitakoaren arabera, gobernuko ministroak lanean hasi dira orain arte hartutako neurriak lasaitzeko aukeraren aurrean. Abian dauden neurriak apirilaren 28ra arte egonen dira martxan, baina handik aurrera zer gertatuko den oraindik ezezaguna zaigu. Dena den, hartuko diren erabakiak hurrengo egunetan zehar ikusten den eboluzioan oinarrituta egongo direla ere gehitu zuten.