Jostunek lan egiteari herenegun utzi zioten. Berako enpresa batean moztu dute batak egiteko materiala, baina bere ohiko lanean hasiko da. Horrek jostunak materialik gabe utzi ditu. “Alde batetik, pena handia lan handia egiten ari ginelako, denak pozik egin dugu lana eta talde bikaina osatu dugu. Baina, aldi berean, poz handia sentitzen dugu hau guztia bukatzen ari delako”. Maiteren azalpenak dira horiek. Altsasuar horrek 42 urtez Nafarroako Ospitale Guneko administrazioan lan egin zuen. Lankide ohi batzuk laguntza eske hots egin zioten. Maite administrari lanpostura bueltatzeko prest zegoen. Baina sos deia beste arrazoi bategatik zen: “bata premia dugu eta jostun taldeak sortzea beharrezkoa da”.
Iruñean, Refenan, horretan aritu dira. Baina Altsasun taldea sortzeko jubilatutako bi modistengana jo zuen Maitek, Tere eta Maria Luisa. Haien bidez zabaldu zen mezua herrian. Horrela, 39 emakumez osatutako boluntarioen lantaldea osatu zuten. Gehiago ere izan zitezkeen, baina “berrogeialdian zegoen jendearekin kontaktuan egon zirenez, ezin izan dute parte hartu. Hala ere, esker ona azaldu diete.
Martxoaren 2tik aritu dira lanean. Egunero, 11:00etan, Gure Etxea eraikinean elkartu dira jostun boluntarioak. Aurreko egunean etxean jositako hamar batak ematen zituzten. Eta, bienar, beste hamar bata egiteko materiala jasotzera ere. Beste boluntario talde bat 17:00etan elkartu da Gure Etxea eraikinean. Haien egitekoa zen Iruñetik jasotako material pila sailkatzea. Izan ere, alde betatik, bataren gorputzak, bestetik lepoak eta, azkenik, besoak jaso dituzte. Hamar bata egiteko beharrezko material guztia poltsetan sartzen zuten, hurrengo egunean jostunek jasotzeko.
Boluntario guztiak aurpegian maskarak eta eskutan eskularruak dituztela joan dira materiala jasotzera eta egindako lana ematera. Prebentzio neurriak ezinbestekoak izan dira. “Oso inportantea zen gu ez kutsatzea”. Etxean maskara gabe aritzen ziren.
Sakanan egindako bata guztiak jasotzeaz jubilatutako suhiltzaile bat arduratu da. Hark Iruñera eramaten zituen, “han esterilizatu eta egoki jotzen zuten tokietan banatzeko” azaldu digu Maitek. Joan-etorria materiala ekartzeko baliatzen zuen. Altsasun ez zirela iristen ikusten zuten eta Maitek Araceli urdindarrarengana jo zuen, taldea Urdiainen sortzeko asmoz.
DATUAK
61 jostun boluntario
Lizarragako 5 jostun, Etxarri Aranazko 1, Iturmendiko 2, Urdiaingo 14 eta Altsasuko 39.
ELKARRIZKETA
Araceli Mendia Galarza jostun boluntarietako bat izan da. "Gogoekin" lan egin dutela esan du urdiaindarrak.
Nolaz bukatu duzue batak egiten?
Maite lehengusuak, Altsasukoak, hots egin eta esan zidan: “Araceli SOS, SOS. Iruñetik esaten dute bata gehiago egin beharko ditugula. Altsasun egiten ari gara eta ez dugu dena egiten. Mesedez,batak egiten lagundu”. Herriko whatsappera mezua bidali nuen, jendea apuntatzeko, nahi duenak, laguntzeko, batak egiten. Jende montoi bat apuntatu zen, bai Urdingoa, bai Lizarragakoa, Etxarrikoa eta Iturmendikoa ere.
Noiz jaso zenuen lehengusuaren telefono deia?
Aste Santuan, ostegunean uste dut. Oporretan geunden. Ostiralean jende pila bat genuen. Alkateari hots egin nion nola juntatu. Esan nion ea nola eginen genuen juntatzeko lehenbiziko egunean denok, Maitek esplikatzeko nola egin batak, eta nola egin dena. Nondik etortzen ziren bata horiek, nork errepartitzen zuen… Dena esplikatu zuen eta larunbat goizean ekarri zuten materiala eta topera hasi ginen. Egunero 11:30ean juntatu gara plazan. Eginda genuena eramaten genuen eta material gehiago hartzen genuen, bakoitzak etxean hamar egiteko.
Materiala berezia da?
Papera bezalakoa da. Beraiek jartzen dute haria eta dena. Erabili eta botatzeko batak dira. Ospitaletan ibiltzen dira. Badakit Altsasun maskarak, mantalak egin dituztela.
Lan handia eskatzen du hamar bata jostea?
Badakizun, lehenbiziko egunean, bufff… Esaten genuen, hamar ezin da, ezinezkoa! Baina ia hartu genuen martxa eta, bai, egiten ditugu hamar, erraz. Dena bezala, lehendabizikoan kostatzen da.
Zuen egitekoa bukatu da.
Herenegun genuen guztia eraman genuen eta, momentuz, bukatu da. Seinale ona dela pentsatu nahi dugu. Igual gero bueltatzen gara atzera berriz. Baina pentsatu nahi dugu hau pixkekan-pixkekan badoala aurrera.
Zer moduzko esperientzia izan da?
Super-ondo. Giro polita ibili dugu. Egin dugu dena gogoekin. Nik asko eskertzen diet denei. Zengatik lehenbiziko momentutik ibili gara gustura. Bai. Hau despeditu eta gero juntatzeko zerbait pentsatuko dugu. Guk, gainera, beti afari batekin eta zerbaitekin bukatzen dugu. Orain ezin dugu, baina, beno, pentsatuko dugu aurrerago juntatzea eta esperientzia hau kontatzea.