Alarma-egoera ezarri aurretik Sakanako udalek erabaki zuten herriek hartzen dituzten elikagai, arropa eta bestelakoen azokak bertan behera uztea. Martxoaren hirugarren asteaz geroztik daude herriak azokarik gabe. Baina osasun krisialdia bideratzen ari denaren isla izan daiteke heldu den astean izanen diren azokak. Izan ere, zazpi asteren ondoren astelehenean Etxarri Aranatzen eta asteazkenean Arbizun eta Altsasun azokak eginen dira. Guztietan soilik elikagaiak izanen dira salgai. Udalek Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak emandako protokoloa bete beharko dute: “saltzaileen eta erosleen betebeharrak azaltzen ditu, erantzunkidetasunaren printzipioaren arabera”.
Protokoloaren arabera, “jardueraren jarraipena eta herritarrei elikagaiak ematea bermatzea, funtsezkoa da oinarrizko zerbitzua emateko, bai eta ahalik eta lasterren normaltasunera itzultzeko eta inpaktu ekonomiko larria saihesteko behar den erresilientzia bermatzea ere”, helburu bezala izan behar dugu. Era berean, protokolo horren arabera “elikagaien hornidura funtsezko jarduera kritikoa da, eta bermatu egin behar da, batez ere osasun-larrialdiko egoeran, herritarrei oinarrizko eta funtsezko zerbitzua emateko, bai eta lasaitasuna helarazteko ere, oinarrizko elikagaien iturri seguruak eta nahikoak eskura dituztelako”.