Amaia Iparagirre Mendia

“Aukera polita da hizkuntza ohituren inguruan gogoeta egiteko”

Alfredo Alvaro Igoa 2020ko api. 24a, 14:52

Itxialditik Euskaraldira dinamika martxan jarri zen astelehenean. Amaia Iparagirre Mendia Sakanako Euskaraldiko dinamizatzailea da. 

 

Hizkuntz ohituretan hausnartzeko aukera emanen du dinamikak.

1. Puntuak etxeetan ikusten hasi gara. Zer da?
Euskaraldiko logotipoan puntutxo pila bat agertzen dira. Jendeari eskatu diogu puntutxo horietako bat, nahi duen koloretakoa, etxeko balkoian edo leihoan jartzeko. Oso erraza da. Paper batekin, koloretako paperarekin, kartulina…  Edozer gauza hartu daiteke, moztu eta leihoan jarri. Argazki bat ateratzea eskatu dugu, herriz herriko bilduma sortzeko. Euskaraldia kaleratzeko modu bat da. Jendeak ikusteko eta galdetzeko: zer da hau? 
     
2. Itxialdiak euskarari eragin dio? Atzetik doa?
Alde ona eta alde txarra izan dezake. Euskara hitz egiten den etxeetan mantenduko da. Baina beste kasu batzuetan nahikoa eragin ezkorra izan dezake. Norberak bere etxean dauzkan hizkuntza ohiturei buruzko hausnarketa bat egin beharko du. Baita etxetik ingurukoekin dauzkanez ere. Egunero bideo-dei pila egiten ditugu. Horiek zein hizkuntzatan egiten ditugu? Kuadrillarekin telefonoz hitz egiterakoan zein hizkuntza ohitura ditugu? Aukera polita da hizkuntza ohituren inguruan norbera gogoeta egiteko, baina baita familiak ere. 

3. Etxeko intimitatera sartu nahi duzue Euskaraldia. Baina etxeko ohiturak dira aldatzen zailenak.
Aurreko Euskaraldiaren hausnarketetako bat hori izan zen: konfiantza gehien duzun jende horrekin ohitura hori aldatzea zailena da. Ezezagun batekin, edo harakinarekin, euskaraz eskatzea edo zerbait hitz egitea ez da hain zaila. Baina etxean, etxekoekin, bikotearekin, beti gaztelaniaz egin baduzu ohitura horiek aldatzea oso-oso zaila da. Errealistak izan behar dugu eta ohitura horiek egun batetik bestera ezin ditugu aldatu. Nire ingurukoei beti esaten diet: ez badugu euskaraz hitz egiten, gutxienez, goazen momentu batzuetan euskaraz hitz egitera; edo hemendik aurrera whatsapp mezuak euskaraz idaztera. Horrelako pausoak oso garrantzitsuak dira. Eta pausoz pauso lor daiteke ohitura horiek asko aldatzea.  

4. Hasteko, hausnarketa eskatu duzue. Zehazki zer?
Itxialditik Euskaraldira kanpainaren bidez ia egunero bideo batzuk bidaltzen ari dira eta gu zabaltzen ari gara. Aurreneko bideoan eskatu zuten bakoitzak taula bat egitea. Horretan etxekoak, lagun batzuk, lankidea…… Zerrendatxo bat egin eta jartzen joan: honekin nola hitz egiten dut? Euskaraz? Gaztelaniaz? Batzuetan euskaraz? Hausnarketa da: nola alda dezaket ohitura hau? Honekin batzuetan euskaraz eta besteetan gaztelaniaz hitz egiten badut? Goazen hori aldatzera. Bakoitzak bere hausnarketa egin, erabaki zer aldatu nahi duen. Esfortzu handia izanen denez aldaketarako gogoa izan behar da. Hori da, taula egunero begiratzera. Errealistak izan behar dugu, taulan lagun guztiak ez dituzu jarriko baina bi, hiru… askotan hitz egiten duzun horien izenak jarri. Euskaraz badaki baina ez dut berarekin hitz egiten. Beno, goazen pixka bat aldatzera. Gainera, etxetik, telefonoz errazagoa da aurrez aurre baino. Goazen hortik hastea. Whatsapp ere, oso erraza da; idatzi edo audioa, baina hasi euskaraz idazten edo hitz egiten. Hau beroketa bat da, azaroan izanen den Euskaraldia indartsuagoa izateko. Beroketa pixkekan-pixkekan egin behar da. Hausnarketa horren ondorioz emaitzak oso onak izan litezke. 

5. Mundua ez zen egun bakarrean sortu.
Pausoz pauso joan behar da hizkuntza ohiturak aldatzen. Motzak edo luzeak izanda ere,  garrantzitsua da pauso horiek aurrera egitea.

6. Ideiak zabalduko dituzue hori errazteko?
Esaterako, gaur, euskaraz jolasteko bideo-pilula bat emanen da. Beste bat on-line poteoa izanen da. Agian etxean jolastuko dute, edo pintxopotea etxetik eginen dute koadrillakoak. Baina zein hizkuntzatan? Guk euskaraz izatea nahi dugu. Hausnarketaren ondorioz, espero dugu on-line eginen den poteo hori euskaraz egiten saiatuko dela jendea. Edo igandeetan askotan familiarekin egiten den bazkari hori, ba goazen euskaraz egitera. Hizkuntza errealitateak desberdinak izanda ere, beti egin daiteke zerbait. Euskara asko ez badakizu ere, saiatu behintzat zerbait egiten. Edo entzuten. Belarriprest izan zaitez. Guk euskaraz hitz eginen dugu eta zuk entzun eta ulertuko duzu. belarriprest-ahobizi paper hori hartzea ere oso garrantzitsua da. Jarriko ditugun txapa horiek orain jartzea eta, jakina, praktikan jartzea. 

7. Bideo-pilula horiek noiz banatuko dira.
Gaurtik hasita egunero proposamen bat. Kanpaina hau maiatzaren 3an bukatuko da.

8. Sare sozialen bidez ari zarete. Hor ere eragin nahi duzue.
Sakanako batzorde guztiak egiten ari diren lana oso garrantzitsua da. Denen artean zabaltzen ditugu bideo-pilula edo informazio horiek. Eta herri bakoitzean ahalik eta jende gehienarengana iristen saiatzen gara. Garbi dugu sare sozialak muga dutela eta badagoela jendea horretara iristen ez dena. Horretarako, Guaixe oso garrantzitsua da. 

9. Nolakoa izanen da bukaera?
Euskaraldiak ez zuen inongo asmorik, baina egoera arraro honetan sortu da kanpaina hau. Baina iraupen mugatuarekin: apirilaren 20tik maiatzaren 3ra. Akabera Euskal Herrian bateratua izanen da. Eta horren ondoren aurreikusitakoarekin segituko dugu: ariguneak eta uda eta gero ahobizi eta belarriprestekin.  

10. Euskaraldia noiz izanen da aurten?
Azaroaren 20tik abenduaren 4ra. Jendea hasi beharko du pentsatzen zer izanen den: ahobizi edo belarriprest. Hori bai, garrantzia handia emanen diogu belarriprest paperari. Jende asko eta asko dago belarriprest dena baina aurreko Euskaraldian belarriprest izatera ausartu ez zena. Guk horri erreparatu nahi diogu eta belarriprest rolari bere garrantzia eman. 

11. Zergatik?
Ahobizi izatea, beno, nahiko erraza da. Euskaraz dakigunok, denok ez, baina badugu gure inguru euskalduna. Erraztasuna ez daukanarendako ez da hain erosoa. Baina bere lekua eman nahi diegu. Aurreko Euskaraldian ikusi genuelako jende asko ez zela ausartu belarriprest izatera. Beste batzuk ahobizi txapa hartu zuten nahiz eta erraztasun gehiegi ez eduki eta horek ekarri zuen ahobizi txapa horrekin oso eroso ez egotea. Erraztasun asko ez baduzu, belarriprest izatea ez da gutxiago izatea. Jendeak pentsatzen zuen belarriprest zela ez zekiena… Ez. Belarriprest izan daiteke txiki-txikitatik ikasi ez duena eta erraztasuna ez daukana, baina ongi ulertzen duena. Belarriprestek hitz egin dezake euskaraz. Ez da bakarrik belarria jartzea. Hori argitzeko informazioa emanen da. Ahobizi eta belarriprest, denek dute garrantzia. 

12. Euskaraldiak euskarazko elkarrizketa bai, baina elkarrizketa elebidunak sustatzea izan zen.
Hori oso garrantzitsua izan zen. Kuadrilla askotan beti dago jendea beti euskaraz hitz egiten duena, baina beste batzuk inoiz ez dute euskaraz egin. Edo bere aurrean ez duzu euskaraz egin inoiz. Kasu horretan belarriprest txapa zutenak, belarri hori jartzea eta elkarrizketa batean euskaraz egotea. Oso garrantzitsua izan zen kuadrilletan, familiatan…   

13. Belarriprestei garrantzia emateaz aparte, berritasunik izanen du Euskaraldiak?
Aurtengo erronka entitateekin, enpresekin, erakundeekin lan egitea da. Belarriprest-ahobizi rolak norberak hartzen ditu. Itxialdiaren ondoren entitateekin hasiko gara. Egoera normal batean lortuko zena ez dugula lortuko badakigu. Oraintxe enpresak, dendak, erakundeak ez dira egongo Euskaraldian pentsatzeko. Beste buruhauste batzuk dituzte. Baina Etxealditik Euskaraldira kanpainaren ondoren saiatuko gara gertuen ditugu erakunde, ikastetxe, enpresa txiki, taberna, denda… horiengana iristen. 

14. Euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko.
Hori da. Orain harreman informal horiek euskaraz sustatu nahi ditugu. Etxetik gehienok lagunekin, familiarekin… ordu asko pasatzen ari garelako.