Euskarazko bi filmen emisio bateratua. Horixe da Euskaraldiak martxan duen ‘Etxealditik Euskaraldira’ ekimenarekin bat eginez, EiTB, TOKIKOM eta Topagunearen eskutik gauzatuko den proposamena.
TOKIKOM toki komunikabideen bateragunea eta EiTBren arteko akordioa izan da proposamenari oinarria eman diona. Akordio horren ondorioz, datorren asteazkenean, apirilak 29, euskarazko bi film ikusi ahal izango dira euskarazko toki telebistetan eta ETB3 katean, aldi berean.
Filmak, esan bezala, aldi berean emitituko dituzte: 16:00etan, Elkano: lehen mundu bira ikusteko aukera egongo da telebistetan, eta 21:00etan, berriz, Gartxot streaming bidez webguneetan.
Guaixeren webgunean, Elkano: lehen mundu bira ikusgai izanen da 16:00etan:
Elkano: lehen mundu bira berriz, 2019an estreinatutako animazio filma da, Angel Alonsok zuzendua. Jose Antonio Vitoria eta Garbiñe Losadak Juan Sebastian Elkanoren ibileratan oinarritu zuten filmerako egindako gidoia.
Etxealditik Euskaraldira ekimenak bezalaxe, hizkuntza eta ohiturak izan dira proposamenaren ardatz, eta "euskarazko ikus-entzunezkoez gozatzeko" eta "euskarazko ekoizpenen kontsumo-ohitura bultzatzeko" bat egin dute telebistek.
"Asteazkena ‘ikuslearen eguna’ izan ohi denez, zinera joan beharrean, zinea etxera ekartzea zen ‘Etxealditik Euskaraldira’ ekimenaren baitan, herritarrei luzatu behar genien proposamena", aurreratu du Euskaraldiko koordinatzaile Rita Aldabaldetrekuk. "TOKIKOM, EiTB eta Topagunearen eskutik datorren proposamenak egun horretako planteamendua borobildu eta osatu egiten du".