Koronabirusak osasun larrialdia eragin du. COVID-19 gaitzaren zabalkundeari aurre egiteko hartutako neurrien artean dago etxeko konfinamendua. 42 egun eman dituzte haurrek eta gaztetxoek etxetik atera gabe. Atzo izan zuten aurreneko aukera eta kaleek bestelako bizitasun bat izan zuten. Izan zen seme-alabekin pasiatzera atera zen gurasorik. Edo irristaketan egitera, edo baloiarekin jolastera, edo bizikletan ibiltzera…
Izan ziren ezarritako arauak bete zituzten haurrak. Baita hautsi zituztenak ere. Lagunak aurrez aurre ikusi eta, hunkituta, haiek besarkatu edo haiekin jolasean hasi zirenak. Horrek gurasoengan kezka sortu zuen. Baina baita larunbata iritsi eta kaleratzeko aukerarekin amesten duten heldu eta adinekoei ere: “ia orain gaizki egiten duten eta guri ateratzeko aukera kentzen diguten!”
Haurrekin ateratzean zaindu beharrekoa
- Sukarrik edo arnas arazoko sintomarik izanez gero, ez atera.
Nola atera
- 14 urtetik beherako haurrak atera daitezke.
- Ordu bat gehienez atera daitezke 09:00ak eta 21:00ak artean.
- Gehienez etxetik kilometro batera atera daitezke aire librera, baina jolas-parkeak, jolastokiak edo kirolguneak erabili gabe.
- Heldu batek lagunduta atera beharko dute, gehienez etxe bereko hiru haurrekin.
- Pasiatzen, korrika, saltoka, ibili daitezke. Jostailuak eraman ditzakete: pilotak, patinak…
Hartu beharreko prebentzio neurriak
- Beste etxeetako haurrekin ez jolastea.
- Besteekin bi metroko segurtasun-tartea mantentzea.
- Eskuak maiz eta ongi garbitzea urarekin eta xaboiarekin edo hel hidroalkoholikoarekin.
- Maskararen erabilpen egokia neurri osagarria izan daiteke.