Ikastetxeak izan ziren lehenengoak ixten osasun larrialdia dela eta. Sakanako adin guztietako ikasleek 40 egun pasa daramate etxetik ikasten. Krisi guztietan bezala, oraingoan ere, pertsonarik zaurgarrienak kaltetuagoak suertatzen ari dira, eta irakaskuntza ez da salbuespena. Agerian gelditu da ikasle guztiek ez dituztela beharrezkoak diren baliabide teknologikoak, ezta etxean behar diren baldintzak ere (espazioa, giroa, laguntza…) etxetik behar den bezala ikas-prozesuarekin jarraitzeko. Sakanan ere ikasle askok euskararekin duten harreman bakarra eskolan edo ikastolan gertatzen da. Beste batzuk aldiz, eskolako jantokiaz baliatzen dira otordu egokia izateko beren familiaren egoera ekonomikoa ona ez baita. Hau guztia bertan behera edo kili-kolo gelditu da. Langileen artean ere, haur eskoletako eta zerbitzuetako langileak: jantokia, garraioa, garbiketa eta zaintza; orokorrean lanpostu feminizatuak eta lan baldintza prekarioagoak dituztenak, kaltetuago atera dira ezin dutelako lanik egin: ERTEak, orduak errekuperatu behar, ziurtasun-gabezia…
Balioan jarri behar da zalantzarik gabe ikasle zein irakasleak, norberaren etxeko egoera edozein izanda ere, egoera honi aurre egiteko egiten ari diren lan izugarria. Inplikazioa sekulakoa izaten ari da. Adibidez arrakala digitalak sortutako desberdintasuna leuntzen saiatzen ari bada, gehien bat ikastola, eskola eta ikastetxeetako langileei esker izaten ari da eta ez Hezkuntza Departamentuari esker. Baina bistan gelditu da, irakaskuntza ez dela edukien transmisio hutsa, askoz gehiago baizik: gertutasuna, enpatia, konplizitatea, elkar ukitzea eta animatzea, irria, elkar zaintzea… eta horretarako elkarren ondoan egon behar gara. Benetan garrantzia duena agerikoagoa da egun hotan.
Koronabirusak zurrumurru eta antsietate handia sortu ditu hezkuntza komunitatearen barnean: oposizioak, ikasturte amaiera, ebaluazioak, EvAU… baina erabakiak Madrildik inposatzen dizkigute. Agerian gelditu da hezkuntzan ere Nafarroaren erabakitzeko eskumena hutsaren hurrengoa dela eta 155. artikulua ezarri digutela ia ohartu gabe. Estatuak larrialdi egoera baliatu du birzentralizatzeko, bere curriculuma ezartzeko, ikas komunitatea lobby teknologikoen menpe uzteko… Irakaskuntzan ere eredu neoliberal hetero-patriarkalaren interesak bizitzaren gainetik jartzeko eta klase, nazio eta genero zapalketak areagotzeko azken finean. Egoera honek ere, bidea prestatuko du murrizketa sozial eta ekonomiko berriak ezartzeko. Inoiz baino gehiago egungo hezkuntza sistema agortuta dagoela begi bistakoa da.
Ikasgeletara noiz eta nola itzuliko garen ez dakigu, baina komunitate gisa erronka bat daukagu: gure hezkuntza eredu komunitario parte-hartzaile burujabea eraikitzen jarraitzea, gertutik kudeatuta, sareak gaindituz herri hezitzailearen filosofia bultzatuz, ikasleak erdigunean jarriz, konpetentzietan oinarrituta eta ez edukietan, ebaluazio hezitzailea baliatuko duena, berdinzalea, feminista, Euskal Curriculuma erabiliko duena, adimen emozionala kontuan hartuko duena… Azken batean krisi honek hezkuntzan paradigma aldaketa suertatzeko aukera eskain diezaguke. Tonuccik dioen bezala “haurrentzat ona den herria, denontzat ona izanen da”.