Zazpi sindikatuek zabaldu duten agiri bateratua:
Apirilaren 28a laneko segurtasun eta osasunaren nazioarteko eguna da, eta baita lanaren ondorioz hildakoak aldarrikatu, mobilizatu eta oroitzeko eguna ere. Hala ere, gaur egungo osasun-krisiak baldintzatuta, aurten, lehenik eta behin, beharrezkoak diren segurtasun-neurriak hartu gabe COVID-19arekin kutsatzeko arriskuan lan egiten duten pertsona guztien egoera salatu behar dugu, eta txalo zaparrada gisako aitorpen sozialetik haien lan-baldintzak hobetzera igarotzeko garaia dela exijitu.
Egungo egoeran ere ezin ditugu alde batera utzi urtarrilaren 30eko greba orokorrean milaka pertsonak egindako aldarrikapenak, bizitza eta osasuna kapitalaren aurretik lehenesteko politika publikoak aldatzea helburu dutenak. Ildo horretan, gaur egungo egoerak agerian utzi du osasun eta sozio-sanitario sektoreetan, elikaduran eta garbiketan lan egiten duten pertsonen prekarietatea, horiek guztiak feminizatuta eta pribatizatuta daudenak, eta behin-behinekotasun, kontratazio partzial eta txandakatze-indize altuengatik babesgabetasun handia jasaten dutenak, bai eta besteen artean, garraioan eta banaketan lan egiten duten pertsonenena ere, prekarietatea eta errekonozimendu falta hori ere jasaten baitute.
Horrez gain, salatu egin behar dugu Nafarroako biztanleak konfinatzeak funtsezkoak ez diren sektoreetan lan egitera joateko betebeharrarekin dakarren kontraesana. Erabateko gaitzespena agertzen dugu patronalaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko adostasunaren aurrean, funtsezkoak ez diren jarduerak geldiaraztearen aurka agertu eta jarduerari berriro ekiteko malgutasuna eskatu dutenean, baita adituen irizpideen aurka ere.
Bestalde, erabat bateraezinak dira konfinamendua kontrolatzeko ezarritako polizia eta militarren presentzia, 3.000 pertsona baino gehiagori isunak ezarriz, eta ikuskapen-baliabide eskasiarengatik, COVID-19ren aurkako segurtasun-neurriak ez betetzeagatik orain arte Nafarroan enpresarik ez zigortu izana. Beharrezkoa da NOPLOIren baliabideak eta lan-ikuskaritza berehala parekatzea Europar Batasuneko batez bestekoarekin, eta Nafarroako Gobernuak behingoz lan eta osasun agintaritza gisa jardutea.
Etorkizunari begira, banketxeak erreskatatu eta desberdintasunak areagotu zituen aurreko krisi ekonomikotik ondorioak atera behar ditugu, kapitalaren eta bizitzaren arteko gatazkari era kolektiboan aurre egin behar diogu, eta gizarte-mobilizazioa bultzatu behar dugu, osasunean eta zaintzan kalitatezko zerbitzu publikoak eskatzeko, langileen segurtasuna eta osasuna beste guztiaren aurretik jartzeko, eta elkarrizketa sozialeko politika ez-eraginkorrekin apurtzeko.
Horregatik, apirilaren 28 honetan ELA-LAB-ESK-STEILAS-EHNE-HIRU-CGT sindikatuok Nafarroako lantokietan eta etxeetan mobilizatu gara, enpresetan segurtasun-neurriak errespetatuko dituzten protestak sustatuz eta zabalduz, eta etxe eta balkoietan krespoi beltzak jarriz.