Astelehenetik aurrera hasiko dira kirolari profesionalen entrenamenduak

Guaixe 2020ko api. 29a, 11:21
Pilotariek entrenatu ahal izango dute, printzipioz bakarka.

Liga profesionalen oinarrizko entrenamenduak hasiko dira eta kirolari profesionalek eta federatuek banakako entrenamendua egiteko aukera izango dute

Espainiako Gobernuak COVID-19 birusari aurre egiteko agindutako konfinamendua arintzeko neurriak iragarri zituen atzo, asteartean. Gobernuak plan bat diseinatu du, lau fase izango dituena eta astelehenean, maiatzaren 4an hasiko dena. Neurri guztiak probintziaka aplikatuko dira eta ekainaren amaierarako “normaltasun berria” iritsiko dela aurreikusten du Pedro Sanchezek gidatzen duen gobernuak. Fase bakoitzak bi aste iraungo ditu eta hurrengo fasera pasa ahal izateko osasun adierazleek datu onak erakutsi beharko dituztela nabarmendu zuen Sanchezek. 

Lehendabiziko fasea 0 fasea da, egungoa. Larunbatetik, maiatzaren 2tik aurrera, helduei egunero ordu bat kalera ateratzea baimenduko zaie, ariketa fisikoa, kirola edo paseoak egin ahal izateko, baina beti ere bakarka izango da. Hortaz, kirolariei ate bat zabaldu zaie. Bestalde, kirolari profesionalek eta federatuek astelehenetik aurrera banakako entrenamendua egin ahalko dute, eta liga profesionalen oinarrizko entrenamenduak hasiko dira. Hortaz, gure pilotari, txirrindulari, futbolari, saskibaloi-jokalari eta kirolari guztiek, modu ez ohikoan bada ere, etxetik atera eta entrenatzeko aukera izango dute, hori bai, bakarka. 

Neurria pozik hartu dute gure kirolariek, etxean entrenatzea ez delako berdina. Beraz, gutxika, egunerokotasuna berreskuratzeko lanetan hasiko dira. Hemendik aurrera, kirol federazioek lan andana izango dute itzulera hau nolakoa izango den erabakitzen.