COVID-19 gaitzak eragindako krisialdiak makina bat arlotan bat-bateko neurri ugari hartzea ekarri du. Neurrien edo aldaketen berri emateko ohar eta karteletan, askotan, euskara ez da presente egon. Euskaldun batek baino gehiagok sumatu du gabezia hori krisialdi honetan. Baita Sakanako Mankomunitatean ere. Horregatik, Mank-ek bere doako Itzulpen Zerbitzuaren berri emanez Sakanako merkataritzako eta ostalaritzako establezimenduetako nagusiei mezua bidali die: “COVID 19 dela eta, une zailak bizitzea tokatzen ari zaigu. Dena den, gogoratu kartel edo ohar bat euskaratu behar baduzu, Itzulpen Zerbitzura bidal dezakezula”.
Zerbitzuko arduradun Maite Iparragirrek azaldu digunez, “testua laburra bada (gehienez 20 hitz), argazki bat atera eta Whatsapp bidez 608 007 802 zenbakira bidali daiteke”. Testu luzeagoak itzultzea nahi dutenen kasuan, berriz, itzulpenak@sakana-mank.eus. Aldi berean, Iparragirrek gogorarazi du establezimenduetako web orriak ere itzultzen dituztela, “baita sare sozialetara (facebook, instagram, etab.) bidaltzen dituzun mezuak ere”. Itzulpen Zerbitzua erabili nahi dutenek euren testuak word formatuan bidali behar dituzte. Zerbitzua doakoa da.