Zer zerbitzu ematen ari zara orain?
Etxez etxeko zerbitzua eskaintzen ari gara: mugikortasun mugatua duten pertsonendako, ileordeen konponketak, tratamenduren bat dutenendako… Gauza gutxi batzuk besterik ezin ditugu egin. Jende gehiegik ere ez du hots egiten, premia berezia dutenak besterik ez. Publikoarendako ile-apaindegia itxita dago. Debekatuta dago zabaltzea. Gainera, majo kontrolatuta dute.
Horretarako, egokitu behar izan duzu?
Nik beti eskaini dut zerbitzu hori. Ahal izan dudanean, eta ondoko herrietara joan ahal izan naizenean, premia duten pertsonendako beti prest egon naiz. Eskatzen dutenaren araberako tresneriarekin eta lanabesekin maleta prestatzen dut. Nik uste dut eskualdeko ile-apaintzaile guztiak gaudela halako zerbitzua eskaintzeko prest. Pertsona horiekin kontaktuan jarri aurretik eskuak garbitzen ditut, eta ateratzean berriro. Metro batera mantendu. Eskularruak, maskara, aurpegi babesgarria eta bata eramaten ditut. Baita desinfektatzailea ere. Mandarrak aldatu egiten ditut, eta gero 90 gradutan garbitzen ditut. Prestatuta goaz ile-apaintzaileak. Nahikoa kontzientziatuta gaude.
Zein da jendearen erantzuna?
Jende berri gutxi sartu da. Koronabirusarekin kutsatzeko beldurrez, nik uste jendea hots egiteko beldur dela. Beste batzuk konfiantza dute.
Buelta nolakoa izan beharko da?
Lanean lasai asko hasteko prestatuta gaudela uste dut. Metro bateko errespetua mantenduz, lanean hasteko aukera handia genuke. Eta egiten ari garena egiten segitzeko. Ile-apaintzaile guztiak bezala, bueltatzeko gogo handia dut. Gure jendearekin, gure bezeroekin egon beharra dugu. Bizia, indar fantastikoa ematen digute. Bezeroak lagunak dira. Guztia behar bezala jartzeko gogoa dugu: ile-apaindegia, haiekin egon, behar duten zerbitzua emateko, baita ditugun gastuei aurre egiteko aukera izatea ere. Gauza asko pilatzen dira.
Egoitza egokitu beharko duzu?
Bai. Beharra dago. Horretarako prestatuta egon behar dugu. Ile-apaintzaileekin txateatu dut Interneten eta guztiak oso prestatuta gaude. Buruan sartuta dugu. Material guztia prest dugu. Kontzientziatuta baikaude. Hasteko gogotsu gaude. Lurreko marrak… Hitzorduak zehaztu egin beharko dira, jendeak bat ez egiteko, distantzia… Badakigu zer tokatzen zaigun. Gugatik. Eta bezeroengatik.
Zein irakasgai atera duzu aurrera begira?
Hainbeste ikasi dut! Familia zer den baloratzea; hainbeste ordu sartu beharrean haiekin behar den denbora egotea baloratzen ikasi dut. Bezeroak baloratzea. Eguneroko erritual hori, jendearekin harremana izatearena, hitz egitearena, elkarren biziaren berri izatea, harremana mantentzea… Bizitza izatea. Hainbeste gauza baloratzea… “Jo, begira, denbora gutxian etxe batean isolatuta geldi gaitezke” esatea. 88 edo 90 urteko amonekin hitz egin dut eta haiek esaten didate: “gerrak bizi izan ditut, gudak, hainbeste gauza bizi izan ditut. Baina etxetik atera ezin hau, sekula santan ez zait pasatu”. Hainbeste ikasten duzu! Bezero bakoitzak asko ematen dizu. Falta sumatzen dut.