AEKn euskara irakasten jarraitzen duzue?
Bai, lehendabiziko astean ez genekien zer egin, atzera edo aurrera... beranduxeago edo lehentxeago, azkenean denok ari gara lanean, etxetik. Aurrez-aurre ezin dugu lanik egin eta beste erremediorik ez dugu izan ikasleei telefonoz deika hasi, e-mailez lanak bidali, WhatsApp bidez eta bideo-deiak egiteko dauden beste hamaika aplikazioen bidez: Jitsi, Meet, Zoom, Duo... kontu horiekin. Etxeko lanak Drive bidez, e-mailen bidez... bidaltzen ditugu. Bateon bati, ordenagailurik ez duena edo teknologiarekin moldatzen ez direnekin, modu batera edo bestera moldatu gara etxeko lanak paperez emateko. Denetarik dago eta egoera desberdinetara moldatzen joan gara. Nik ez daukat hau: ba paperez bidaliko dizut, edo audioz bidaliko dizut... Modu batez edo bestez, lanean jarraitzen dugu. Gu ere, irakasleok, Aste Santuko oporrak kenduta, ia astero bilerak egin ditugu.
Telelana bihurtu da zuen eguneroko ogia
Bai, irakasleekin eta ikasleekin. Nik ia egunero deitzen diet ikasleei WhatsApparen bidez, talde txikitan, launaka. Hitz egiten dugu. Horretaz aparte, etxeko lanak bidali... Baina badago etxetik lan egiteko gauza den jendea, baina, berez, ikasle asko etortzen zaizkigu euskara aurrez-aurre egiteko, eta bat-batean bihurtu ditugu autoikaskuntzako ikasle. Batzuendako zaila egiten da eta, horregatik, saiatzen ari gara WhatsApp bidez eta telefono bidez aritzen, jendea animatzeko eta ez deskolgatzeko, ez galtzeko, une hauetan oso erraza delako deskolgatzea: “Ez dut ezer jakin nahi, ez dakit egiten...” Eta deskolgatzen zara. Baina ahalegin handia egin dugu egoera guztietara egokitzeko eta ikasle gehienak erantzuten ari dira.
Hortaz ikasleek ongi erantzun dute? Ongi hartu dute?
Denetatik dago, badago jendea ordenagailurik ez duena, edo soilik telefonoa... modu batera ez bada, beti aurkitzen diogu alternatibaren bat. “Utziko dizut euskaltegi atean poltsa bat, ahal duzunean pasa”. Edo etxeko atean utzi ere. Salbuespen batzuk dira, baina gehien gehienak dinamika berrian sartzen dira. Gero, batzuk etxeko lanak txintxo egiten dituzte, beste batzuei kosta egiten zaie... Alternatiba? Jendearekin gutxienez hitz egin, telefonoz, WhatsAppez... edo dena delakoa. Edo lantxoak bidali eta taldean hitz egin eta ariketa motzagoak zuzendu... Finean erritmoa ez galtzeko eta jendea ez galtzeko, ez deskolgatzeko.
Nola uste duzue izango dela buelta?
Inork ez daki garbi zer gertatuko den. Nafarroako batzordeak ere egiten ditugu, tartean daude aurrematrikulak eta kanpainak, hurrengo ikasturteari begirakoak, baina une honetan ez dakigu ikasturte honetan klasera itzuliko ote garen ere. Azkeneko asteetan, igual, zerbait egin dezakegu... Gauza bat da kanpora atera ahal izatea eta beste kontu bat da gela batean 8-10 lagun biltzea. Lege kontua eta pertsona bakoitzaren izaera sartzen dira hor, beldurrak eta kontu horiek.
Egoitza egokitzea tokatuko zaizue?
Ez dakigu, egunetik egunera gauzak aldatzen dira. 6-7 aste falta dira ikasturtea bukatzeko eta ez dakigu. Erne gaude edozein erabaki dela eta gauzak aski egiteko, ikasleak gustura gelditzeko eta heldu den urterako ere ikasleak izateko. Txukun bukatu behar dugu ikasturtea, uste dut txukun ari garela, baina bukaera txukuna eman beharko diogu. Orain dena da telefonoz, emailez... zailagoa da, pentsatzea ere arraroa egiten da. Erne gaude, edozein aldaketa edo eskari dagoela... jendea euskaltegira bueltatzeko edozein zirrikitu badago, aprobetxatuko dugu. Baina momentuz, esperoan.
AEKren eskaintza osagarri diren barnetegiak ere, horren menpe, ez?
Bai. Hasiera batean ez genuen espero, gauza larritu ahala, udako barnetegiak zalantzan jartzen ziren, orain gauza pixka bat askatzen hasi denez, ez dakigu... gauza bat da kanpora atera ahal izatea eta beste bat elkartu ahal izatea 8-10 pertsona. Gobernuek ez dakite datorren asterako zer erabaki behar duten, ba, pentsa guk... Erne bai, pausu bat edo beste azkar emateko, baina momentuz ezin dugu esan ekainaren X egunean etorri euskaltegira. Ezin dugu esan, ez dago modurik hori esateko.
Honen guztiaren aurrean AEKk, irakasgairen bat atera du aurrera begira?
Bai, nik uste dut irakasleok nolabaiteko gaitasuna badugula edozein egoerari aurre egiteko. Aurrez-aurreko klasean egon garenean, normalean gai izaten gara ariketa batek ez badu aurrera egiten, jendea trabatu denean, eskupetik beste ariketa bat ateratzeko. Horretarako gai izaten gara, ariketa alternatibo bat egiteko. Baina orain ariketa alternatibo bat baino zer edo zer gehiago tokatu zaigu. Eta nik uste dut nahiko txukun erantzuten ari garela. Ikusten dut gauza garela alternatibak sortzeko. AEKn ere autoikaskuntzako taldea badugu, esperientzia genuen horrekin, eta laguntzen du, baina ikasle kopuru txiki bat zen; kontua da orain ehun da piko lagun horrela kudeatzea zaila dela, hotz xamarra: jendea deitu, hitz egin... Baina gaitasuna badugu oraindik orain, egoera bereziei aurre egiteko, ez galtzeko behintzat.